Kobe Bryant

Agurra, programa bete gabe

Kobe Bryantek barneratua zuen zangoek ez ziotela emango NBAko betiko saskiratzaile onena izateko. Los Angeles Lakersek kaskarkeriari irtenbideak topa ditzan, Bryanten erretiroa komeni zen orain; udaberrian jazoko da.

JASON SZENES / EFE.
Danel Agirre.
2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Aurtengo Kobe Bryant NBAn sekula izan den liderrik kamutsena da. Oso hierarkizatutako ekosisteman, Los Angeles Lakersen azken baloia nork jaurti eztabaidaezina da oraindik ere: berak du ardura hori. Norberaren ibilbideak eta kontratuen zeroek baldintzatzen dituzte ligan izarrek gauero dituzten baimendutako jaurtiketa kopuruak. Bryantek biziarteko errenta irabazia du aspaldi. Eta saskiak zigortu eta zigortu jarraitzen du, batez besteko penagarriekin.

Historian, NBAko protagonista gorenek lehia bakoitzean gutxienez hamasei saialdi egindako 774 sasoi jokatu dituzte. Noizbait partidako hamasei jaurtiketa egin dituztenen kopurua askoz txikiagoa dela ulertzen da. Baina Bryant edo Michael Jordanek denboraldi anitzetan halakorik egin dutenez, hortik dator 774ko zifra.

Ligako izarrek pilatutako ehunka lagin horietan, inork ez zuen orain arte Lakersekoaren esku okerrik azaldu. Saialdien heren batekin ere ez du asmatzen aurten. Bost hirukotik bakarra sartzen ari da.

Halabeharrak nahi izan du NBA osoa zuhur eta lur duen Stephen Curry 774 sasoi horietatik bikainena osatzen aritzea. Hogei aldiz altxatu eta erdietan baino gehiagotan ikusi ohi du sarea mugitzen, horietatik 11tan hiruko marratik atzera ibiltzen bada ere. Hogei jaurtiketa bakoitzeko, Curryk 25 puntu eskuratzen ditu. Bryantek, 12 eskas.

Aurreko zenbaki entsalada baino, ordea, ulergarriagoa da, ziur asko, eskoltak berak duela bi aste bere buruari eskainitako analisia: «I freakin' suck» bota zien kazetariei. Itzulpen zuzenik gabe, «penagarri nabil» moldaera adeitsua litzateke.

Apurtu gabeko hezur gabe

Sinatu zuen azken hitzarmenarekin, bere kluba titulurako liskarretik bost bat urterako urrundu zuen Bryantek. NBAko soldaten muga dela eta, Lakersek nominetarako duen kopuruaren erdia poltsikoratzen du ia egun. Eta pieza baliotsu berriak lortzeko aldea oso estua izan da azkenaldian. Anbizio gorenak alboratuta, aspaldiko obsesioa zuen ordea Kareem Abdul-Jabbarren marka historikoa apurtzea. 38.387 punturekin hartu zuen erretiroa ibilbidea Lew Alcindor izenarekin hasi zuen pibotak. Bryantentzat jomuga egingarria zirudien, bere gorputzak akabo esan zion arte. Apenas dagoen apurtu ez den hezur edo lotailurik haren gorputzean. Orkatilak, belaunak, hatzak, eskumuturrak, ukondoak, sorbaldak. Guztietan ditu adabakiak, eta azken aldian bereziki krudela izan da patua berarekin.

Bere ekoizpena ziztu batean amiltzen ari da, eta Jabbarren errekorrera hurbiltzea utopia da egun, 42. edo 43. urtebetetzea kantxa batean emango balu ere bai (32.683 puntu daramatza). Eta horixe izan da ziur aski denboraldi-aurrean jada irmoa zirudien erabakia berresteko zio nagusia. Badoa. Lehengoa ez bada, guztiek begiratuko ez badiote, saskibaloiak ez duelako inongo interesik Bryantentzat.

Los Angelesek multzo gaztea eta interesgarria eratu ahal izan du unibertsitatetik datozenen zozketan pieza txukunak arrantzatuta. Nahi balu, ordezko hegaleko gisa haien kontseilari lanetan jarraitu ahal izango luke bizpahiru urtez Bryantek, egun Kevin Garnett Minnesotan jokatzen ari den antzeko rol batean. Ligako jokalari onena izan denari burutik pasatu ere ez zaio egin halakorik, ordea. NBAko hierarkietan puntako erpinetik jausi dela frogatu du: aurkariek bera indargabetzeko bi arerio behar zituzten lehen, baina zaindari normal asko batekin ongi moldatzen dir orain. Eta ulergarria denez, bere egoak onartzen ez dionez bigarren mailako eginkizunetan ari dadin, albo batera eginda bere buruari eta taldeari lagunduko dio. Atleta harrigarriena ere oztopo bihur daitekeelako.

Saskibaloiaren historiako panteoietan Bryantek bataren parean edo bestea baino beherago kokatu behar duen deliberatzea, hori ariketa hutsala da. Orrialde honen gainaldeko fitxan ageri direnak eginda utziko ditu eskoltak, eztabaida posible gabe, eta Toronto 81 punturekin martirizatu zuenekoa bezalako gau mordoa ere bai.

Bere irudia, ordea, betiko baldintzatuko du 2003ko gertakari ilun batek. Coloradoko Eagle hiriko hotel batean lanean ari zen 19 urteko emakumezko batek Bryanten aurkako salaketa ipini zuen, bortxaketa leporatuta. Atxilotu egin zuten 25 urte bete gabe jada munduko kirolari famatuenetakoa zena. Epaiketan zehar, nola edo hala, Lakersekin jokatzen jarraitu nahi izan zuen Bryantek, bien arteko sexu harremanak adostuak izan zirela argudiatuz. Epaiari itxaron gabe, salatzailearekin akordioa sinatu zuen, dirutza ordainduta. Gau hartaz gertatu zenaz «biek ikuspegi ezberdinak» izan zitzaketela onartu, eta barkamena eskatu zion biktimari. Irribarretsua eta oso harroa zen Bryant nabarmen zekenagoa bihurtu zuen gertakariak. Ordura arteko 8 zenbakia baztertu, eta 24a erabiltzen hasita, gizaseme osoagoa zela frogatu nahi izan zuen. Bere babesleak baretzea lortu zuen horrela. NBAko kantxetan dioten estimua orain ikusiko da, datozen hilabeteetan egingo duen agur biran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.