Iñigo Etxeberria. Behobia-Donostiako koordinatzailea

«Ahalegina mugaraino ez eramaten saiatu beharko lukete lasterkariek»

Urte osoko lanaren emaitza izango da gaurko eguna, Behobia-Donostia lehiatuko den eguna. Kopurua pixka bat jaitsita ere, donostiarra gustura dago osasun arloan emandako pausoekin.

«Ahalegina mugaraino ez eramaten saiatu beharko lukete lasterkariek».
unai zubeldia
Donostia
2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Lotu beharreko guztiak lotuta, 09:30 noiz iritsiko zain dago jada Iñigo Etxeberria Fortuna elkarteko kidea eta lasterketako koordinatzailea (Donostia, 1974). Ondorio naturaltzat hartu du aspaldiko partez korrikalari kopurua jaitsi izana, eta zentzuz jokatzeko eskatu die parte hartzaileei.

Azaroak 13. Iritsi da eguna. Behingoz? Edo prestaketarako gustura hartuko zenukete beste asteren bat edo beste gehiago?

Tira... Beti nahi izaten da gehiago, baina ezin dugu atzeratu eguna. Aspalditik zehaztuta dago hori, eta hau ez da astebeteko lana izaten. Lanerako baldintzak gogorrak izaten dira beti, eta ematen duen baino askoz konplexuagoa eta aldakorragoa da antolaketa. Baimenak, azpiegitura guztia... Egitura erraldoia dauka honek.

Kirol festa dela esaten da beti, baina Behobia-Donostiak festatik adina dauka lehiatik, ezta?

Ez pentsa. Lehiatik gero eta gutxiago dauka. Gipuzkoan lehiakorrak gara izatez, baina Behobia aldatzen ari da pixkanaka. Animazioa sartzen saiatzen ari gara, eta proba serioagoa zen lehen. Aurreko taldean irabazteko helburuarekin doazen horiek salbu, ahalegina mugaraino ez eramaten saiatu beharko lukete gainerako lasterkariek. Ez du merezi.

Dortsal kopuruari dagokionez, azken urteotan lehen aldiz ez dira saldu guztiak, eta jaitsi egin da kopurua. 33.840 izan ziren iaz, eta 31.276 aurten. Zergatik?

Gai hori aztertzeko daukagu oraindik, baina arrazoi asko egon daitezke atzean. Ezustekoa hartu dugu, 2002tik lehen aldiz jaitsi delako kopurua. Baina datu asko eduki behar dira kontuan: iazko proba gogorra izan zen fisikoki eta psikologikoki; Donostia kultur hiriburu izanda hotelen prezioak gora egin du; lasterketaren prezioa garestia dela ere aipatu izan da; lasterketen eskaintza ugaritu egin da... Baina arrazoi demografikoak ere hor daudela uste dut. Lehen aldiz, 41-45 urte artean pilatuko da korrikalari gehien, 36-40koei aurrea hartuta. Sakon aztertu beharreko gaia da.

Joan den urtean 33.840 dortsal saldu zenituzten, baina 27.823 iritsi ziren helmugara. Nola lor daiteke hutsuneen kopuru hori hain handia ez izatea?

Handia da, bai, baina gainerako lasterketen neurrian gabiltza. Gutxi gorabehera, %15ekoa izaten da izena eman ondoren helmugara iristen ez direnen kopurua, abiatu ez direlako edo erretiratu egin direlako. Munduko sei maratoi handienetan batezbestekoa %20 ingurukoa da. Aurretik eman behar da izena, planifikaziorik ezin delako egin bestela, baina bere burua prest ikusten ez duenak ez parte hartzea erabakitzen du gero. Zentzuzko erabakia da hori.

Behobia Txikia eta Behobia Gaztea erraldoi bihurtzen ari dira pixkanaka. Harrobiko lan hori fruituak ematen ari da, ezta?

Bai, bai. Behobia Txikia ezin da gehiago handitu, espazio fisikoak mugak dauzkalako. Fortuna aspalditik ari da oinarriarekin lanean, eta harro gaude bide horretan asmatzen ari garelako. Garrantzitsua da haurrak kirolaren garrantziaz jabetzea, haurren gizentasuna gaitz handia delako gaur egun. Tabakoak adina hiltzen du sedentarismoak, eta garrantzitsua da ohitura osasungarriak hartzea.

Azken bi urteotako berbera izango da ibilbidea. Onuragarria izan al da aldaketa?

Zalantzarik gabe. Arazo nagusia ez zen kirol arlokoa, segurtasun arlokoa baizik. Lasterketa handituz joan den heinean, handituz joan da gizartean sortu duen eragina ere, eta Pasaia eta Lezo inguruko gune batzuk ordu askoan gelditzen ziren inkomunikatuta. Larrialdi kasuetan lasterketaren bidetik igaro behar izaten zuten anbulantziek eta gainerakoek. Proba Errenteriatik barrena igarota, askoz errazagoa da segurtasuna bermatzea. Animazioa da Behobia-Donostiaren ezaugarri nagusia, eta izugarri hazi da ibilbide aldaketarekin, giro zoragarria sortzen delako Errenteria inguruan. Errenteriarrak izan dira, betidanik, giro onaren bultzatzaile nagusiak; Pasaiako portuaren sarreran lehen, eta herriaren erdi-erdian orain.

Kirol arloan, zaila izango da markak haustea, ezta?

Zaila izango da, bai, haizeak aurrez aurre jotzen badu batez ere. Oso polita izango da garaipenerako lehia, maila bertsuko korrikalariak direlako faborito gehienak.

Lasaitu ederra hartuko zenuen eguraldi iragarpena entzundakoan, ezta?

Bai... Badakigu azken unera arte ezin dela ezer ziurtzat eman, baina korrika egiteko oso giro ona izango dela ematen du. 11 eta 14 gradu artean, euri pixka bat... eta haizea, tarteka, aurrez aurre ziurrenik; hori izango da txarrena. Erlojua ahaztea eta gozatzea izaten da onena horrelakoetan.

31 urteko nafar bat hil zen iaz helmugan, eta 2002tik lau dira jada hildakoak. Beldur pixka bat sortu da azken urteotan?

Tira... Azken urteotako gertakarien ondoren, lan handia egin da osasun arloan. Mediku talde bat inguratu zitzaigun prebentzio lanari garrantzia emanda, eta oso prozesu aberatsa izan da. Heriotzek eztabaida handia sortu dute, baina oso gutxi ikasi dugu egoera horiekin. Oso gogorra izan zen iazko esperientzia, eta pauso handia emango dugu aurten, bero kolpeei aurre egiteko bereziki.

45 eurokoa da izen-ematearen kostua. Behobia-Donostiarekin Fortuna diruz hornitzen ari den ustea zabaltzen ari da azken urteotan. Hala al da?

Ez. Kontua zer da Behobia-Donostian parte hartzea garestia dela edo aberasten ari garela? Zalantza hori sortzen zait askotan. Hasieratik jaso izan ditugu horrelako mezuak, eta prezioa asko aldatu da ordutik. Gogoan daukat 10.000 korrikalarira iritsi ginenean ere aberastu egin nahi ote genuen esan zigutela. Arazoa zer da, lasterketa bat ondo antolatzeagatik dirua lortzen dugula kirol elkarte bati laguntzeko? Zuzendaritzako kideak boluntarioak dira, edozeinek ikus dezake langileok zenbateko soldatak dauzkagun... Inguruko lasterketekin alderatzen gaituzte askotan, eta hori da arazoa. Tamainan eta logistikan ezin da egin alderaketa hori. Kontuan hartu behar da irteera bat daukala Behobia-Donostiak, eta 20 kilometro luzeren ondoren dagoela helmuga; anoa postuak ez dira errepikatzen; irteerako eta helmugako azpiegiturak ere ez; motxilak batetik bestera eraman behar dira... Eta ezin dugu ahaztu 2.000 boluntario aritzen direla lanean, musu truk.

Zenbateko diru ekarpena egiten dio lasterketak Donostiari eta Gipuzkoa osoari?

Fortunaren aberastasunaz hitz egiten da beti, baina 2013ko datuak aintzat hartuta, 15 milioi euroko etekina lortzen du Gipuzkoak Behobia-Donostiari esker, eta hortik 1,5 ostalaritzara eta hoteletara joaten da. Ogasunak, berriz, 900.000 euro irabazten ditu mugimendu guztiari esker.

Zein dira Behobia-Donostiaren etorkizuneko erronkak?

Sekulako aurrerapausoak eman ditugu prebentzioan, baina bide horretan lanean jarraitu behar dugu. Giro freskoarekin, ziurrenik, korrikalari gutxiago artatu beharko dituzte aurten, baina datu horiekin ezin gara lasaitu. Lehen aldiz eskaini dugu galdetegi zabal bat, erabat anonimoa, eta lanerako esparru zabala daukagu hor. Azken urteotan asko hobetu dugu korrika egiteko materiala, prestakuntza, bat eta beste, baina prebentzioan bide luzea daukagu egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.