Finalerdietan estropada aparta eginda, Virginia Diazek bazuen itxaropena dominen borrokan egoteko lemazainik gabeko binakakoan, Aina Cidekin batera. Baina ez da posible izan. Azken lekuan amaitu dute finala: seigarren postuan. Urruti izan dute podiumera igotzeko ametsa, ia zortzi segundora. Baina ez da esku hutsik itzuliko etxera, diploma olinpikoa eskuratu baitu. Diazek aitortu du ez zirela nahi bezala aritu. Bi arrazoi eman zituen hori azaltzeko, estropada ostean egindako adierazpenetan: «Batetik, finalerdietan egindako ahalegina ordaindu dugu; bestetik, haizeak ere baldintzatu du gure jarduna».
Alboko haize trabagarria zebilen goizean goiz (Euskal Herrian, goizaldea) Sea Foresteko estropada eremuan. Haize horrek beti eragiten die arraunlarien jardunari, deserosoago aritzen baitira halako baldintzetan. Gaur ere hala gertatu da. Maila desberdinetako estropadetan parte hartzen ari ziren ontzien denboretan nabaritu da. Diazen kasuan, finalean lehian aritu diren sei ontziek finalerdietan baino denbora kaskarragoa egin dute; Diazek eta Cidek ia hamar segundo gehiago egin dituzte: 6.50,63 finalerdietan; 7.00,05 finalean.
Diazek eta Cidek beti ekiten diete atzean estropadei. Baina azken 500-1.000 metroak oso indartsu egiten dituzte, eta horri esker lortzen dute aurrean egotea. Hori da haien ezaugarri nagusia. Horri esker egin zuten aurrera sailkatze proban. Azken txanpan lortu zuten Irlanda aurreratzea.
Lanarekin pozik
Gaur ere kontrakarrean ekin diote finalari, baina, oraingo honetan, ezin izan dute atzetik aurrera egin. Estropada osoan azken postuan joan dira. Hasieratik aldendu zaizkie beste ontziak, eta, denbora pasatu ahala, atzerapen handiagoa pilatu dute. Uneren batean bosgarren postura gerturatzear egon dira, baina ez da posible izan.
Zeelanda Berriko bikoteak hasieratik erakutsi du bere nagusitasuna. 2019an, munduko txapeldun izan ziren Grace Prendergatek eta Keri Gowlerrek ez dute huts egin. Errusiak eta Kanadak borroka apur bat izan dute zilarrezko domina eskuratzeko lehian, baina, azken txanpan, errusiarrek ondo eutsi diote abantailari. Kanadak, beraz, brontzezko dominarekin konformatu behar izan du.
Estropada bukatuta, Diazek sentipen gazi-gozoak zituen: «Hasieratik ahalegindu gara. Ilusio handia genuen. Baina beti ez da posible atzetik aurrera egitea. Ez dugu izan egunik onena. Baina ezin diogu ezer leporatu geure buruari».
Atzo oso estropada ona egin zuten, finalerdietan: hirugarren amaitu zuten, Zeelanda Berriaren eta Errusiaren atzetik. Zeelanda Berriak urrea eskuratu du gaur, eta Errusiak, zilarra: «Ahalegin handia egin genuen, eta 24 ordu baino gutxiago izan ditugu estropada horretatik osatzeko; denbora gutxi da indarberritzeko. Finalerdian eguraldiagatik izan zen atzerapenak ere ez digu mesede egin finalerako».
Dena den, balioa eman nahi izan dio finalean egoteari eta diploma lortzeari: «Gaur zapore gazi-gozoa izango dugu. Izan ere, anbiziotsuak gara, eta gorago egon nahi genuen. Baina, oro har aztertuta, lan ona egin dugu».
Nabarmendu du uretan eta uretatik kanpo «asko» ikasi duela egun hauetan: «Kirolari moduan asko hazten lagunduko dit honek guztiak. Orain, atseden hartu, eta patxadaz erabakiko dugu etorkizunean zer egin».