Ahazteko edo indartzeko

Ligako gabeziak alde batera utzi eta konfiantza berreskuratzeko baliatu gura du Espainiako Kopa Athleticek

haritz gallastegi
2008ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Athleticek gaur ekingo dio Espainiako Kopari. Orain dela gutxira arte ilusio iturri zen Kopa. Athleticen historia loratu duen lehiaketa da. Erakargarria da oso zale eta jokalarientzat. Batetik, taldea lehiakorra izan delako Kopan. Historiak badu pisua. Bestetik, Kopa delako txapelketa bat irabazteko bide bakarra.

Kopak aurrera egiteko aukera ematen du. Talde apal askok jokatu dute finala azken denboraldiotan. Izan ere, Europan lehiatzen ari direnek bigarren mailan lagatzen dute Kopa. Bestelako lehentasunak dituzte. Eta buru-belarri prestatuta ere ez da euren nagusitasuna erakusteko txapelketarik aproposena. Sarri askotan gaitza izaten da bi neurketatan erregulartasunaren txapelketan erakusten den nagusitasuna eta diferentzia islatzea. Ezusteko dezente egoten da. Athleticek badu maila horretan lehiatzeko gaitasuna. Orain arte erakutsi dutena baino futbolari hobeak izateaz gain, San Mames dago. Lehen kanporaketatik erantzuten dute zaleek. Ez da zelai askotan gertatzen.

Baina teoriak ez dauka zerikusirik errealitatearekin. Estatistikek ez dute gezurrik esaten. Zuri-gorriek bi hamarkada baino gehiago daramate finalik jokatu barik. Final-aurrekoetarako ere pare bat aldiz baino ez dira sailkatu. Gauza guztiak batuta ilusioa galtzea da normalena.

Beraz, zertarako balio diezaioke Kopak jatsierako postuetan dagoen talde bati? Bada, hiru aukera daude. Bata, orain arte Ligan egindakoa ahazteko. Taldearen egoera kritikoaren gainean berba ez egiteko eta lasaitzeko. Partidak, berriz, probak egiteko. Orain arte ondo ibili ez diren futbolariei atsedena eman eta eurek bezain jokalari onak izan arren, jokatzeko aukerarik izan ez dutenei aukera emateko balia dezake kanporaketa entrenatzaileak. Ez da lehen aldia izango gutxien espero zen futbolaria uste baino hobeto ibili eta Ligan ere jokalari garrantzitsu bihurtzea.

Caparrosek, aurretik egon ziren teknikari batzuek ez bezala, badu non aukeratu: Susaeta, Velez, Ustaritz, Gurpegi... jokalari onak dira. Taldeari asko eman diezaioketen futbolariak, hain zuzen ere. Baina, orain arte, ia ez dute parte hartu. Ez da oso logikoa. Gaur izan dezakete lehiatzeko beste aukera bat. Caparrosek aukera eman beharko lieke. Lehenago edo beranduago haien beharra izango du. Eta haserre edo motibazio barik badaude, taldeak nabarituko du. Jokalari batzuk ez baitakite zer egin jokatzeko aukera izateko.

Ohikoak ez direnei aukera emateak badu arriskua, ordea. Oso ondo entrenatu arren, lehiaketak ematen duen erritmo barik daude. Aurkariak aprobetxatu egin dezake. Hala ere, Athleticek ez dauka galtzeko gauza handirik. Astero jokatzen dutenek ere ez baitute asko egin.

Baina bestelako bidea ere har dezake Caparrosek. Taldean daukana balekoa den edo ez ikusi beharrean, ohikoei beste aukera bat ematea erabaki dezake. Haren ustez onenak direnak zelairatzea, alegia. Zein helburu izan dezake erabaki horrek? Ezinean ari direnei konfiantza eman eta gauzak askoz hobeto egin ditzaketela erakusteko aukera emateko aprobetxa dezake Kopa. Santiago Bernabeun jokatu ostean Orbaizek eta Iraizozek taldekideei ikusi zieten ┬źamorrua┬╗kanporatzeko aukera emateko parada du teknikariak.

Hirugarren aukera bat ere badago. Ohiko titular batzuek eta jokatzen ez duten futbolariek osatutako hamaikakoa zelairatzea. Arazo fisikoekin edo oso nekatuta daudenei atseden eman eta euren partez freskotasun apur bat emango dutenak sartzea. Betiere talentua galdu barik. Bide egokiena izan daiteke. Izan ere, ez da ahaztu behar larunbatean Vila-real izango dela San Mamesen. Irabazi beharreko partida da. Baina, era berean, Caparrosentzat arriskutsua izan daiteke Kopa alde batera lagatzea. Litekeena da nahiko haserre dauden zaleek ez ulertzea. Eta Caparros eta Garcia Macua presidentea ez daude bazkideak gehiago berotzeko. Futbolean pazientzia gutxi dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.