Aho batez, greba

Baikoko hamabost pilotarien taldeak erabaki du gaurtik aurrera hamabi eguneko lanuztea egitea. «Onartezintzat» jo dituzte Jose Ramon Garairen jarrerak eta adierazpenak

Duela astebete greba deialdia egiteko Baikoko pilotari gehienek egindako prentsaurrekoa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Baiko enpresako hamabost pilotari greban daude gaurtik. Guztiak, Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea, Ander Imaz, Iraitz Zubizarreta eta Endika Uriondo ez beste. Hamabi eguneko lanuztea egingo dute. Ez dute jokatuko hurrengo hiru asteetako ostiral, larunbat, igande eta astelehenetan.

Baikoko pilotari talde horrek atzo erabaki zuen duela astebete deitutako greba egitea. Bozketa egin zuten, ELA sindikatuak Bilbon duen egoitzan, eta aho batez egin zuten greba egitearen alde. «Ez da egon eztabaidarik. Egia esan, ez digute gatza jarri [Baikoko arduradunek]», esan zion Ibai Zabalak BERRIAri. Izan ere, esperotako erabakia izan zen. Ustela izan zen bezperan Baikoko arduradunekin eginiko bilera. Lan gatazka konpontzeko bi aldeek egin zuten lehena izan zen. Ez zuten aurrerapausorik eman. Are gehiago, pilotarien ordezkariek bilera amaitzean esan zuten «ilusioz eta gogoz» joan zirela bilerara, baina «oso burumakur, oso triste eta etsita» etxeratuko zirela. «Borondaterik ez izatea» leporatu zioten enpresari. «Iritsi nahi ez dugun puntu batera ari dira gu eramaten», azpimarratu zuten. Halako salaketak eginda, zaila zirudien pilotariek atzera egitea. Eta ez dute egin.

Atzo ere gogor salatu zuten enpresak bezperako bileran izandako jarrera, baita Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusiak atzo ETBri egindako adierazpenak ere: berriro esan zuen «hitz egiteko borondateari» eusten diola. ELAren eta pilotarien ustez, «onartezinak» dira Garairen jarrera eta adierazpenak. «Garbi dago bilera horren helburua ez zela inola ere gatazkari irtenbide bat bilatzea. Ez da onargarria negoziazio bilera batera esku hutsik etortzea greba deialdia egina dagoenean, eta argi geratu zen ados jartzeko borondaterik eza. Baiko Enpresak ez zuen langileen aldarrikapen bat bera ere aintzat hartu, eta orokorrean 'hausnarketa prozesu' bat irekitzeko prest daudela baino ez zuten esan. Jarrera hori ikusita, eta Baiko Kirola enpresak gardentasun ekonomikoaren aldarrikapenari muzin egiten diola ikusita, datozen egunetan ELAk juridikoki aztertuko ditu Bainet Taldea SM eta Baiko Kirola SM enpresen arteko merkataritza harremanak, eta horren ondorioz egikaritu litezkeen akzio legalak», zioen ohar batean.

Baikori eta Enpresen Ligari mintzatu zitzaizkien ere. «Datozen egunetan ikusiko da Baiko Kirolak eta Enpresen Ligak benetako borondatea duten gatazkari irtenbide bat emateko, ala kontrara, langileen greba eskubidea urratu eta bazterrak are gehiago nahastea erabakiko duten. Denon hobe beharrez, baina batez ere hainbeste maite dugun pilotaren hobe beharrez, ELAk eta pilotariok negoziazio zintzo bat egiteko deia egiten diogu enpresari. Gu hemen izango gaitu zain».

Pilotarien erabakiak kirol ondorioak izango ditu, talde hori osatzen dutenek ez baitute jokatuko greba deituta dagoen egunetan. Bihar izango du eragina lehen aldiz grebak, eta ez nolanahikoa. Izan ere, Baikoko bi pilotari, Asier Agirre eta Jon Ander Albisu, binakakoaren finalerdietako ligaxkako partida erabakigarria jokatuko zuten Joseba Ezkurdiaren eta Julen Martijaren aurka, Bilbon. Irabazleak finalerako sailkatuko ziren. Baina Agirrek eta Albisuk ez dute jokatuko, eta txapelketaren araudiaren arabera, Ezkurdia eta Martija pasatuko dira finalera. Aspeko bi pilotariak aurkeztu egin beharko dira Miribillan, Enpresen Ligako Lehiaketa epaileak hori egiteko agindu baitie. Hilaren 18an, Bilbon, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea izango dituzte aurkari finalean. Olaizola II.a eta Urrutikoetxea aurreko asteburuan sailkatu ziren. Baikokoak dira biak, baina ez dute bat egin enpresako pilotari gehienek egindako eskaerekin.

Aspekoen elkartasuna

Horren harira, Aspeko pilotariek atzo erabaki zuten igandetik aurrera ez dituztela jokatuko Baikok antolatutako jaialdiak, eta enpresa horretakoek aritu beharko dutela. Aspeko pilotarien ustez, «onura baino kalte handiagoa» egiten die Baikok antolatutako jaialdiak jokatzea. «Ez dugu inondik inora egiten ari den grebak indarra galtzea nahi, ezta Baikok antolatutako partidak Aspeko pilotariekin aurrera ateratzerik nahi ere. Zoritxarrez, azken aste honetako bat-bateko jaialdiak eta denbora faltak Gernikako partidak jokatzera behartzen gaitu [bihar dira]. Jokatu ezean, bertan izango diren pilotariek ondorio larriak izan ditzakete euren kontratu legalekin, baita Aspek EITBrekin ere». Finala bi enpresek antolatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.