1-0. Rafa Marinek, bere atean (35. min).1-1. Samu Omorodionek (73. min).
Futbolean zerbait merezi izateak ez du ezer ziurtatzen. Alaves etxetik kanpo punturik bildu eta golik sartu gabe zegoen, eta atzo bolada txarrari amaiera eman bazion ere, bi puntuk ihes egin zioten sentipenarekin amaitu zuen Celtaren aurkako partida. Antonio Siveraren atera jaurtiketarik egin gabe sartu zuen gola Celtak; arabarrek, berriz, 11 behar izan zituzten bakarra sartzeko. Nagusi izan ziren zelaian, baina ez markagailuan.
Hiru neurketako astea izanik, bost aldaketa egin zituen Luis Garcia Plazak hamaikakoan. Besteak beste, Kike Garcia, Luis Rioja eta Ruben Duarte aulkian utzi zituen Alaveseko entrenatzaileak, eta, haien ordez, Samu Omorodion, Abde Rebbach eta Javi Lopez zelairatu zituen. Atletico Madrilek utzitako aurrelaria aurreneko aldiz aritu zen hasieratik Alaveseko elastikoarekin, eta bigarren minuturako jada Ivan Villar Celtako atezaina lanean jarri zuen. Etxeko taldeak, baina, berehala erantzun zuen. Aukera paregabea izan zuen Oscar Minguezak aurreneko gola sartzeko, baina, dena alde zuela, kanpora bota zuen baloia.
Alaves eroso zegoen, eta gertu izan zuen gola behin baino gehiagotan. Puntu bat arrantzatzea sari ona izan zitekeen arren, irabazteko asmoz atera zen zalantza izpirik gabe. Galiziarrak ere garaipen gosez ziren, ez baitute oraindik irabazi etxean. Nahi gabe lortu zuen Celtak estreinako gola, 35. minutuan. Rafa Marinek, atzera begiratu gabe, Siverari pasatu nahi izan zion baloia, eta atezainarentzat zihoan baloiak Alavesen ate barruan amaitu zuen. Kolpe latza izan zen bai atzelariarentzat, baita talde osoarentzat ere.
Baina golak ez zituen bisitariak kikildu, eta erasokor jarraitu zuten. Berdintzear egon ziren atsedenaldira iristear zirela. Kontraeraso azkar batean, Samu Omorodion area ertzeraino iritsi zen, eta burua altxatu, erdiraketa jarri, eta Abderen burukadari erantzun bikaina eman zion Villarrek.
Irabaztear
Bigarren zatiko lehen minutuetan Alavesi kosta egin zitzaion galiziarren areara iristea. Joko bidez ezin denean, geldikako jokaldiek berebiziko garrantzia hartzen dute. Iannis Hagi falta jaurtiketa batean norgehiagoka berdintzear egon zen, baina Villarrek sekulako geldiketa egin zion.
Errumaniarraren saiakera arabarrak suspertu zituen, eta taldea berriro ondo sentitzen hasia zenean, Garcia Plazak Luis Rioja eta Antonio Blanco zelairatu zituen. 68. minutuan, Celta hamarrekin geratu zen, Luca de la Torrek bigarren txartel horia ikusi eta gero. Aurkaria bat gutxiagorekin zegoela ikusita, bi aurrelari zelairatu zituen Garcia Plazak: Kike Garcia eta Xeber Alkain.
Celtak Alavesi eman zion baloia. Etxekoak markagailuan zuten aldeari eusten ahalegindu ziren partidako azken hogei minutu pasatxoetan. Planak, baina, ez zien asko iraun, 72. minutuan, Samu Omoriodonek berdinketaren gola erdietsi baitzuen. Javi Lopezek jokaldi ederra egin zuen ezker hegalean, erdiratu, eta aurrelariak, ateko zulotik, sarera bidali zuen baloia.
Atletico Madrilek utzitako aurrelariak gertu izan zuen bigarren gola, baina, arabarrak gola ospatzear zirela, Carl Starfeltek marra gainetik atera zuen baloia. Azken hatsera arte ahalegindu ziren gasteiztarrak. Azken jokaldian, Luis Riojari penaltia egin ziotela eskatu zuten arabarrek, baina epaileak ez zuen ezer adierazi.
CELTA 1 - 1 ALAVES
Aho zapore gaziko puntua
Alavesek berdindu egin du Celtaren zelaian, eta, horri esker, lehen puntua lortu dute etxetik kanpo. Arabarrak jokalari bat gehiagoarekin aritu dira 68. minututik. Samuk sartu du gola

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu