Markak jartzen hasi zenetik ez zuen Aimar Irigoienek harriaren kontra norgehiagokarik galdu, baina atzo bai, Usurbilen. Bitan ahalegindu zen 200eko koadroa esku batez jasotzen, baina bietan bota behar izan zuen harria gurpilera, ezintasunez eta erabat haserre. 18 urte bete aurreko marka ezartzea zuen erronka, pilotalekua beterik zela.
Masajeak hartu eta korrikalditxo egin ondoren plazaratu zen Errezilgoa. Harriarekin eginikoberoketa saioan140 kiloko koadroa hirutan jaso zuen eta 177koa behin, biak, bi eskuez. Ez zuen 200ekoarekin probarik egin nahi izan, besterik ez bazen ere neurria hartzeko.
Ostolaza izan zuen laguntzen Irigoienek, eta baita aita eta osaba ere. «Gozo-gozo eta mantso jardun», esan zion Ostolazak. Arratsaldeko 18:00etan ekin zion lehen ahaleginari, eta 24 segundo beteta bota zuen harria. «Kristoren balantza egin dit hasieran», bota zuen gipuzkoarrak. «Hainbeste denbora ez eduki harria paparrean. Aurrera joan haiz. Kolpea ematean atzean egon behar duk, hori baino gehiago haiz», animatu zuen Ostolazak.
Bigarren ahaleginari, hasierako txistua jo eta 4 minutu eta 9 segundora ekin zion. Paparrera ongi eraman zuen, baina han pare bat kolpe eman eta ezin izan zuen bizkarrera jaso. 22 segundo iraun zuen ahaleginak. «Banekien konfiantza falta nuela harri horrekin. Halere, zerbait gehiago aterako zela pentsatzen nuen. Pazientzia hartzen dut, baina justuko kargak dira, eta azkenean mendean hartu nau», adierazi zuen Irigoienek.Azken egunotan ez du behar bezala entrenatzerik izan, tartean istripua ere izan du eta. Abenduan jo zuen Ostolazarengana, baina ez da nahikoa izan. Orain burua lasaitu nahi du, eta berriro saiatuko den edo ez erabaki. Bestetik, harriak 198,200 kilo pisatu zuen. Ikusirik nola ibili zen azken egunetan, agian, nahiko zuen 180 kiloko marka ontzeko beste pisu bat erabili izan balu.
Aimar Irigoien lehen aldiz geratu da harria altxatu gabe
Birritan saiatu zen 200ekoa esku batez leporatzen, baina ezin izan zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu