Aimar Olaizola igandean jokatzeko moduan dago

Eskuin besoa mindua du goizuetarrak, baina ez dauka hautsirik, eta Retegi Biren aurka ariko da, Labriten

jon eskudero
Donostia
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Azken orduko zalantzak berehala uxatu ditu Aimar Olaizolak: jokatu egingo du Julen Retegiren aurka, buruz buruko final-laurdenetan. Eskuin besoa minduta dauka goizuetarrak; orain dela urte batzuk izan zuen lesioaren zantzu berak izan ditu, baina ez dauka hautsirik. Halaxe jakinarazi zuen atzo Mikel Santxez medikuak. Olaizola II.arekin bildu zen goizean, Gasteizen, eta, hainbat proba egin ondoren, txapelketari ekitea erabaki zuten biek. Lesioaren eboluzioa oso motela izaten ari da, baina Asegarceko aurrelariak espero du iganderako erabat prest izatea. Oraindik bost egun ditu osatzeko.

Joan den ostiralean ukitu zuen pilota azken aldiz. Lan saioa normal-normal egiteko asmoa zuen, baina besoak ez zion utzi. Sei pilotakada besterik ez zuen jo eskuinarekin; min handia sentitu zuen, nonbait. Binakako txapelketan ez zuen halako ezer nabaritu, eta gerora ere ez. Tolosan partida bat jokatu zuen, eta ongi, gainera. Maiatzaren 5a izan zen egun hori. Hortik hiru egunera egin nahi izan zuen buruz buruko lehen entrenamendua. Hortxe hasi zen, ordea, lehenengo sintomak nabaritzen.

Hasieran, besoa kargatu zitzaiola pentsatu zuen, baina ondorengo orduetan bilakaera txarra izan zuen, eta medikuarenera joatea erabaki zuen. Orduz geroztik, Gasteizera joan-etorrian dabil Olaizola II.a, baina uste baino buruko min gehiago ematen ari zaio lesioa. Ez du aukerarik izan lan saio bat bera egiteko ere. Binakakoan, joko izugarriarekin aritu da: bera izan da txapelketako pilotaririk onena; baina banakakoa erabat ezberdina da, eta ez da erraza lehengo maila onari eustea. Txapelketako estreinako partidak, gainera, oso izaten dira arriskutsuak. Hori gutxi ez balitz bezala, Retegi Bi sasoiko dago, Olaetxearen aurkako partidan erakutsi zuen bezala.

2003. urtea gogoan

2003. urteko txapelketan izan zuen eskuin besoko lesioaren berri Olaizola II.ak. Ruben Belokiren aurkako finalerdian, erabat mindu zuen, baina, halere, erabaki zuen finala jokatzea. Astebete atzeratzea ez zuen aski izan. Patxi Ruiz izan zuen aurkari, eta 22-7 galdu zuen. Profesionaletan jokatu dituen neurketarik eskasenetako bat egin zuen orduko hartan, minaren erruz. Kritika asko jaso zituen egoera horretan kantxaratzeagatik.

Orduan baino esperientzia handiagoa dauka egun Goizuetakoak. Beraz, pentsatzekoa da nahiko ongi dagoela, igandean jokatzea erabaki baldin badu. Oraindik badu betarik mina arindu eta entrenamendu bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.