Aitortzen dut: gustura egin izan dut barre Olinpiar Jokoetan lehiatu izan diren kirolari apalen kontura. Nola ahaztu Eric Moussambani Ekuatore Gineako igerilariak 2000an Sydneyn (Australia) egindakoa? Gutxigatik ez zen ito igerilekuan. Gero jakin zen tamainako ikuskizunaren arrazoia: Australian lehiatu baino urte erdi eskas lehenago ikasi zuen igeri egiten, ibai batean, eta bertara iritsi arte inoiz ez zuen igeri egin 50 metroko olinpiar igerilekuan. Hain izan zen ezohikoa haren irudia, izar bilakatu zen. Goitizena ere jarri zioten: aingira. Aukeran zetorkion.
Lau urte geroago, Atenasen, Mongoliako atleta bat izan zen nire jomuga. Batetik, izen amaigabea zuen, Luvsanlkhuendegiin Otgonbayar. Bestetik, Mousaambanik egin bezala, hark ere ezohiko lana egin zuen. Hiru ordu eta 42 minutu behar izan zituen maratoia amaitzeko. Helmugara iritsi zenerako, apenas zegoen inor. Ez zen harritzekoa, hura baino ordu bat eta laurden pasatxo lehenago iritsi baitzen lehen sailkatua. Kontua da lehen sailkatutik azken-aurrenera ez zirela pasatu hogei minutu baino gehiago. Azken-aurrena iritsi zenetik Otgonbayar ailegatu zenerako, ordea, ia ordubete joan zen. Hori gutxi ez, eta, mikrofonoa aurrean jarri ziotenean, aitortu zuen zaleen animoei esker «azkarrago» egin zuela korri. Eskerrak.
Pekinen eta Londresen ere ohitura horri eutsi nion. Baina Rion ez dut halakorik egingo. Zergatik bat-bateko aldaketa hori? Merezi dudan tokian jarri nautelako etxean. Non? Aingira baten azpitik. Aingira baten azpian egon behar baitu, derrigorrean, gazte sasoian Donostiako Ondarreta hondartzako gabarroira lehen aldiz igerian joan-etorria egin eta hondartzara zorabiatuta iritsi eta botaka egitear egon zen batek.
HARTU ETA PASA
Aingira baten azpitik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu