Saskibaloia. Espainiako Kopa

Aisia eta negozio bidaiak

Bilbo Basket ezustekoa ematen saiatuko da gaur, Bartzelonaren aurka, final-laurdenetan.Laboral Kutxak euforia betean egin du bidaia, eta, aspaldiko partez, titulua du helburu

Aisia eta negozio bidaiak.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko otsailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Laboral Kutxa Baskonia eta Dominion Bilbo Basket Coruñan dira (Galizia). Biek Espainiako Kopan parte hartuko dute, ACBko lehen itzuliko zazpi talde onenen multzoko beste kideak eta Obradoiro etxeko ordezkariarekin batera. Bilbotarrentzat, seigarren parte hartzea da; gasteiztarrentzat, berriz, itzulera, iaz kanpoan gelditu ondoren. Bi taldeen bidaiek, baina, kutsu ezberdina dute. Bilbo Basket «lehiatzen gozatzera» doa; Baskonia, berriz, faboritoen multzoan dago, eta, aspaldiko partez, Coruñara abiatu diren 1.200 zaleek titulu batekin egingo dute amets bidaian.

Bilbo Basketek ekingo dio lehenbizi lanari, gaur, Bartzelonaren aurka. Aurkaria da faborito handia, txapelketa guztiak irabazteko hautagai baita. Bilbo Basket, aldiz, sasoiko unerik gogorrenean iritsi da Kopara. Iragan astean Eurokopatik kanporatu zuten, asteburuan Kanaria Handian galdu zuen eta Tobias Borg eta Mirza Begic min hartuta daude.

Bilbo Basketek historia ere aurka du, kopan parte hartu duen aurreko bost aldietan behin bakarrik irabazi baitu lehen partida. Ezkortasunerako argudioak aurkitzea, baina, erraza da, eta bilbotarrek beste analisi bat egin behar dute. Esaterako, etxetik kanpo sasoi honetan ematen ari diren maila handia gogoratu behar dute. Garaipen garrantzitsuak lortu dituzte, eta talde handiak estu hartu, Bartzelona besteak beste. 66-57 galdu zuen, baina azken unera arte egon zen partidan sartuta. Egun hartan, gainera, ez zen batere fin ibili jaurtiketetan.

Kopa irekia

Faborito handirik gabeko Kopa bat da. Zortzi parte hartzaileetatik lauk noizbait irabazi dute, eta multzo horretan dago Laboral Kutxa. 2008an izan zen txapeldun azkenekoz, eta 2009an finala galdu zuen Unicajaren aurka. Harrezkeroztik, sei aldiz jokatu da kopa, eta titulu guztiak Bartzelona eta Real Madrilen artean banatu dituzte. Ligako bi oilarrak dira, baina sasoi honetan bi aurkari gogor dituzte.

Valentzia da aurkari horietako lehena. Ligako liderra eta lehen itzulian ez zuen partidarik galdu. Eta bestea, Laboral Kutxa. Egun laugarren da ACB ligan, baina Euroligan erakusten ari den maila handiak bere aukerak puztu ditu. Baina benetan al ditu aukerak? Jokalariek atzo hitz egin zuten kazetarien aurrean, eta ez zuten finalari buruz hitz egiteko lotsarik izan. Sasoi honetan, besteak beste, Baskoniak Bartzelona (bi aldiz), Real Madril (bi aldiz), Valentzia, Olympiakos, CSKA Mosku eta Anadolu Efesen aurka irabazi du. Emaitza horiek badira taldearengan fedea izateko arrazoi.

Baskonia atzo iritsi zen Coruñara, eta gaur goizean entrenamendu saioa egingo du. Bihar jokatuko du final-laurdenetako partida Obradoiroren aurka. Etxeko taldea krisi larrian dago, eta jaisteko postuetara gerturatu da ligan. Velimir Perasovicek Tornike Xengelia izango du faltan, baina ez dirudi arazo handia Davis Bertans sasoi betean itzuli baita lesiotik. Berez hegalekoa da, baina 2,06 metroko altuerarekin hegal-pibot gisa ere joka dezake, eta bere eskumutur finarekin oso ondo baliatzen ditu Burusisek ireki ditzakeen hutsuneak. Pibota da Kopa noizbait irabazi zuen taldeko partaide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.