Aitaren bide berean

16 urterekin egin du profesionaletarako jauzia Ezkurra III.ak, aitak egin bezala. Maisurik onena etxean badu ere, bere bidea jorratu nahi du gazteak, eRemonte enpresarekin. Dituen dohainak kontuan izanda, frontoi laburretan aritu nahi du oraingoz.

'Ezkurra III' Donezteben, herenegun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
'Ezkurra III' Donezteben, herenegun. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
jon eskudero
2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

16 urte besterik ez eta dagoeneko profesionaletan dihardu erremontean Koteto Ezkurra Ezkurra III.-ak (Doneztebe, Nafarroa, 2008). Aitaren ezinezko marka haustetik urrun badago ere, debuta aitak baino lehenago egin du semeak. «Aitak ere 16 urterekin eman zuen pausoa profesionaletara, baina nik bi hilabete lehenago egin dut». Dena den, badaki aitaren lorpenak eskuratzea «ezinezkoa» izango duela. «Ez da hori nire helburua». Besteak beste, buruz buru 11 txapel jantzi zituen Koteto Ezkurra handiak, eta, ia denen ustez, historiako erremontistarik onena izan zen. Bere bidea egin nahi du semeak, eta ilusioz abiatu du ibilbidea eRemonte enpresarekin. Aitak aholku bakarra eman dio: «Erremontea serio hartzea eta gozatzea».

«Etxean besterik ez dugu ezagutu txikitatik, baina aitak ez gaitu inoiz behartu erremontea hartzera»

KOTETO EZKURRA Erremontista

Zehazki, sanferminetako ferian egin zuen debuta Ezkurra III.ak, joan den astean, Iruñeko Labriten. Bigarren mailako torneoan parte hartu zuen, eta finalerdietan 35 eta 33 galdu zuen, Agirrezabala lagun, Iturregiren eta Mikelarenaren aurka. «Nahiz eta galdu, egun biribila izan zen. Frontoia gainezka zegoen, sanferminetako giro berezia sumatzen zen, eta lagunak eta familiakoak harmailetan ziren. Gainera, partida oso berdindua eta polita atera zen». Eskatzen hasita, irabaztea soilik falta izan zitzaion. «33na gindoazela, laugarren koadrotik txapara bidali nuen pilota. Tanto egiteko aukera ederra galdu nuen. Ez dakit zorte txarra eduki nuen edota ofizio falta». Dena den, guztiek zoriondu zuten partida amaieran: «Uste dut nire jokoarekin pozik geratu zirela guztiak».

«Derrigorrean» behar zuen erremontista doneztebear gazteak. «Etxean besterik ez dugu ezagutu txikitatik, baina aitak ez gaitu inoiz behartu erremontea hartzera». Gainera, orain arte futbolari eman izan dio lehentasuna: «Doneztebeko taldean jokatzen dut futbolean, gazte mailan, eta oraindik ere jarraitzea da nire asmoa». Hori bai, erremontea serio hartuko du. «Betidanik egon naiz erremonteari lotua, baina fundamentu askorik gabe ibili izan naiz entrenatzen. Donezteben afizio handia daukagu, eta lagun artean ibili izan gara erremontean. Duela zortzi bat hilabete hasi nintzen serioago, astean bi entrenamendu eginez, eta enpresak esan zidan prest nengoela jauzia egiteko». Izan ere, pilotaritzat du bere burua Ezkurra III.ak. «Eskuz ez naiz sekula ibili, baina joko zuzenetan, bai; laxoan, bereziki. Gehienbat pilotaria naizela esango nuke, ordu asko igaro ditudalako frontoian».

Aitaren ondoan txikitatik

Ordu eta urte asko daramatza frontoietan. 3 urte zituenerako aitari lagundu ohi zion autoan. «Ostegunero joaten nintzen Galarretara [Hernani], eta larunbat askotan ere bai. Gainera, aita banakako txapelketetan murgilduta zegoenean, pilota aukeraketetara ere joaten nintzen. 3 urterekin hasita, beti ibili izan naiz aitaren alboan». Ez du oroitzapen berezirik garai haietaz. «Gogoan dut sekulako giroa egoten zela Galarretan, eta askok miresten zutela aita». Begien aurrean duena zera da: aitak erretiroa hartu zuenekoa. 2018ko urria zen. «10 urte banituen ordurako, eta egun horretan ohartu nintzen nolako ikurra izan zen aita. Harmailak leporaino beteta zeuden, eta egun ahaztezina izan zen».

Oraingoz, Galarretatik urrun jardungo du erremontean Ezkurra III.ak. Haren lehengusua Oriamendi enpresarekin ari da: Josetxo Ezkurra, hain zuzen ere. «Maila handiko pilotaria da, eta badaukat nondik ikasi». Ordea, eRemonte enpresak pilotaleku motzetan antolatu ohi ditu jaialdiak, eta hori nahiago du gazteak. «Soilik 16 urte dauzkat, fisikoki egin gabe nago, eta frontoi laburretan hobeto moldatzen naiz. Pilotari teknikoa naizenez, nahiago dut joko azkar hori». Galarretak errespetua sortzen dio. «Oso frontoi handia da, eta zaila da han jokatzea. Indarra eta sasoia behar da horretarako, eta ni neu ez nago prest, oraingoz».

Presarik gabe, ikasten joatea du helburu. «Garbi daukat nire bidea egin behar dudala. Aitak bizpahiru aholku taktiko ematen dizkit, baina ez diot gehiegi uzten. Izugarri daukat hobetzeko, baina denbora ere alde daukat». Sekretu bakarra dauka: gozatzea: «Ongi pasatzen dut frontoian, eta halaxe segitu nahi nuke».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.