Bradley Wiggins

Aitaren pistari segika doa

2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoak begiz jota dauzkala, Paris-Roubaixen gozatua hartuta amaitu du Bradley Wigginsek Skyko ibilbidea. Berak sortu berri duen taldean murgilduta, pistan goia jota amaitu nahi du ibilbide oparoa.

BERNARD PAPON / POOL / EFE.
unai zubeldia
2015eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Pistan lehiatzeko jaio nintzen». Aitari begira hasi zelako pedalei eragiten. «Belodromokoak dauzkat lehen oroitzapenak, mutikoa nintzenekoak». Eta azkenak ere horiexek izatea nahi du. «Geneetan daukadalako pista». Horregatik jarraitu nahi dio aitaren pistari. «Pistard profesionala izan zen bera». Eta pistard profesional gisa esan nahi dio agur Bradley Wigginsek ere txirrindularitzari. Rio de Janeiron. Brasilen. 2016ko Olinpiar Jokoetan. Sydneytik (2000) Londreserako bidean (2012), irabazita dauzka urrezko lau domina, zilarrezko bat eta brontzezko bi. Eta podiumaren goreneko koskan itxi nahi du zirkulua, pista eta errepidea uztartu dituen ibilbide oparoa.

Amaitu da Sky-Wiggins bikoaren lotura gorabeheratsua, Paris-Roubaix monumentu handiarekin amaitu ere. «Lasterketa ona egin dut». Onenen tropeltxoari eutsi eta erasoka ibili ondoren, 18. amaitu zuen sufrikarioa. «Aurrean gindoazen guztien gisan, irabazteko moduan nengoela sentitu dut». Baina Milan-San Remon egin zuen bezala, John Degenkolbek (Giant) amaitu zuen bi besoak altxatuta Roubaixko belodromoan, zazpi txirrindulariren arteko esprintean. Zdenek Stybar (Etixx) eta Greg Van Avermaet (BMC) igo ziren podiumera.

«Lasaitu handia sentitu dut Paris-Roubaix amaituta». Wigginsen ibilbidean bidegurutzea zen herenegungoa. Gozotik bezala izan dute gazitik Chris Froome taldekidearen ondoan igaro dituen urteek —2010ean iritsi ziren biak Skyra—. Errepideak 2011n elkartu zituen lehenengoz, Espainiako Vueltan. Taldeburu argi eta bakar gisa ekin zion Wigginsek lasterketa hari, baina Froomeren erlojupekoko lan bikainak eta mendian emandako maila onak podiumaren hirugarren koskara jaitsi zuten britainiarra —Juanjo Cobo espainiarrak irabazi zuen, eta Froome eta Wiggins igo ziren podiumera—.

Hurrengo urteko Frantziako Tourrean lehertu zen, hala ere, egoera. Sky barruko tentsioaren isla izan zen La Toussuireko igoera. Erabat modu itsusian, taldeburua lotsatan uzten saiatu zen Froome, etengabe atzean utziz. Ezinikusi handia sortu zuen egoera hark, eta taldea bakarrik eduki zuten bera ordutik aurrera. Punta banatan jarri, eta aurrera. «Bi urte dira Froome ikusi ez dudala; 2013ko Omango Tourretik ez gara egon elkarrekin». Wigginsek berak denboraldi honen hasieran aitortutakoa da hori. Baina Froomeren presentziak gehiegi baldintzatu du Wigginsen azken urteotako ibilia. «Tourra ez irabazi izana desio dut tarteka. Zoragarria izan zen jendeari entzutea nire garaipen hark bizitza aldatu ziela...».

Baina bere egunerokoan izan zuen aldaketari neurria hartu ezinik ibili zen britainiarra. «Ia ezezaguna nintzen Tourra lehiatzera joan nintzenean, eta herrialdeko ezagunena nintzela ematen zuen handik bueltan. Zaila da egun batetik bestera aldaketa hori barneratzea». Oso etxekoa delako Wiggins. Tourreko garaipena nahikoa ez eta, hamar egun geroago, urrezko domina kolkoratu zuen Londresko Olinpiar Jokoetan. «Egin dut jada errepidean egin beharreko guztia. Inoiz ez nuen pentsatuko lortu dudan guztia lortuko nuenik. Den-dena eman dit txirrindularitzak».

Redgraveren marka buruan

Sky utzi eta Team Wiggins berak sortutako proiektuan murgilduta, Yorkshireko Itzulia lehiatuko du maiatzean; orduko marka ontzeko erronka jar diezaioke bere buruari, ekainean. «Eta Riora begira lan egingo dut gero, pistarekin gozatzen dudalako gehien». Urrezko bosgarren dominarekin, gozamenaren bidetik berdindu nahi du Steve Redgrave arraunlari britainiarraren marka. 19 urterekin irabazi zuen lehen domina, Sydneyn. «Eta gerora etor zitekeen guztia gehigarria izango zela pentsatu nuen orduan». Hamasei urte geroago, Rion amaitu nahi du bere ibilbidea, guztia hasi zen lekuan: pistan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.