Egoitz Murgoitio (Hirumet) Belgika aldean, eta Javier Ruiz de Larrinaga (MMR-Spiuk) lesio luze batetik itzuli berritan, Aitor Hernandez (Orbea) nahi duen guztia egiten ari da etxeko probetan. Ziklo-kroseko euskal egutegiko asterik garrantzitsuenetakoaren atarian —Asteasu, Itsasondo eta Igorreko probak jokatuko dira ostegun, larunbat eta igandean—, bi besoak altxatuta helmugaratu zen ermuarra Ametzaga Zuian (Araba) larunbatean, eta Telleriarten (Legazpi, Gipuzkoa) herenegun. Ruiz de Larrinaga izan zuen atzetik Ametzagan, eta Aketza Peña (KV Sport-BH Bikes) Telleriarten. Baina alde handiarekin ari da irabazten proba gehienak. Oso erraz. Denboraldiko bederatzigarren garaipena pilatu zuen herenegun.
Joan den astean euri asko egin zuen Euskal Herrian, eta lokaztuta zeuden bi barrutiak. Indarra eskatzen zuten bi probek, eta, indarrez, inor baino hobeto dabil bizkaitarra. Etzi hasi eta igandea bitartean erakutsi beharko du bere benetako kalitatea, Murgoitio bera eta hainbat atzerritar izango dituelako parez pare. Ruiz de Larrinagak atzo BERRIAri aitortu zion «uste baino hobeto» sentitu dela asteburuko bi probetan. «Baina badakit onenengandik oso urruti nagoela oraindik». Euskadiko eta Espainiako Txapelketak dauzka buruan.
Aitor Hernandez, aurkaririk gabe
Denboraldi guztian bezala, ermuarrak aise irabazi ditu asteburuko bi probak, Ametzagan eta Telleriarten

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu