Uztailaren 27an hil zen, 2008an, eta umezurtz utzi zituen Euskal Herriko eta munduko marinelak. Ugarte izan zen itsas zabaleko estropadak euskal gazteei ezagutarazi zizkiena. Getxon jaioa (Bizkaia, 1928) urte luzez bizi izan zen Ingalaterran, beti itsasora begira. Hondoratu gabe ur gainean manten zitekeen edozein tramankulu gidatzeko gai zen, eta 1968an Orion belauntzi zaharra erosi eta Bilborako bidea egin zuen. Ura sartzen zela-eta Bretainian gelditu behar izan zuen, eta han ezagutu zituen estropada transozeanikoak.
Makina bat estropada egin zituen atlantikoan barrena, ia beti bakarrik. «Ez zoaz bakarrik, ontziarekin zoaz, berarekin hitz egin dezakezu, eta berak bere kurrixkekin erantzuten dizu», zioen. Berak, baina, itsasoa eta belaontziak maite zituen, eta 1990ean BOC-a egin zuen —egungo Velux 5 Ozeanoa—. Aurkari, «kide» deitzen zituen, gehienak 30 urte ingurukoak ziren, bada Ugartek 62rekin egin zuen, eta bela hautsita zuela iritsi zen Les Sables d'Olonnera (Frantzia), patroi gazteen harridurarako.
Hiru urte geroago egin zuen Vendee Globe-a, «existitzen zela jakin nuenetik egin nahi nuen», adierazi zuen gerora. Munduari itzulia bakarrik. 135 egun behar izan zituen, 18 ekaitz pasa zituen eta zazpi egun geldi-geldirik Ekuadorrean. Bi lehiakide hil ziren, eta Ugarte ere hilzorian egon zen. Helmugaratu zenean emaztea besarkatu eta «ez naiz uste nuen bezain indartsua» esan zion: «Proba ankerra da, bizitzan behin bakarrik egin daiteke». Ez zuen berriz ere itsas zabaleko estropadarik egin, baina inoiz ez zion nabigatzeari utzi. •
Soslaia. Jose Luis Ugarte
Aitzindaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu