Oso lehia polita jokatuko dute Floren Nazabalek eta Miel Mindegiak, Azkoitiko (Gipuzkoa) pilotalekuan, bihar (12:30). Izan ere, NazabalEuskadiko eta Nafarroako Maila Nagusiko txapeldunordea da eta Mindegia hirugarren sailkatua. Bien aitzinetik Donato Larretxea dute. Biharko norgehiagoka Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako lehen finalerdia izango da, hasieran kanporaketa hau maiatzaren 30ean jokatzekoa zela iragarri bazuten ere antolatzaileek.
Ligaxkako egur kopuru bera izango dute (12), baina neurriak aldatuta: 45 ontzako lau ebaki beharko dituzte, kanaerdiko bi, 60 ontzako lau eta oinbiko bi. Nazabal Etxarri-Aranazkoa da eta 34urte ditu. Zuzenean ligaxkan sartu zuten, eta, Olasagasti eta Azurmendi menderatu zituen. Mindegiak 55 urte ditu. Finalerdira heltzeko, Arria V.a kanporatu zuen lehenik, eta ligaxkan, Arrospide menderatu zuen eta Larretxearen aurka galdu.Bi nafarren arteko iazko lehiari so eginda, Nazabal nagusitu zen. Euskadiko Txapelketa Nagusiari dagokionez, kanporaketan 2 minutu eta 30 segundoko aldea atera zuen etxarriarrak. Finalean ere antzeko aldeaz nagusitu zen: 2 minutu eta 14 segundoz. Nafarroakoan, 56 segundoko aldea atera zuen Nazabalek, bai kanporaketan bai finalean.
Mindegiak ohiko bizimodua egin zuen atzo. 21:30ean amaitu zuen ardi jeiztea, eta «akituta» zegoela esan zuen. Iazko lehia gogoratu zuen: «Euskadikoan ongi menderatu ninduen. Nafarroakoan lan gutxiago zenez, hobeto moldatu nintzen. Nazabalek aizkoran aritzeko era egokia du, eta amaiera indartsua du. Nik, alderantziz; urteak ez dira alferrik igarotzen! Nazabal txikitatik ari da eta zaila izango dut menderatzea. Lan erdietaraino eutsiz gero eta lotsagarri ez banaiz geratzen, kontent».
Saio berean, bosgarren eta seigarren postuetarako lehia izango dute Azurmendik eta Arrospidek zortzi enborrera. Tartean, Goenatxo harri-jasotzen ariko da.
AIZKORA. BANAKAKO URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Elkarri neurria hartzeko ona
Nazabalek eta Mindegiak, Urrezko Aizkolarien lehiako lehen finalerdia jokatuko dute, bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu