AIZKORA. BANAKAKO URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA. Ligaxkara sartzea, garesti

Azurmendik hiru kanporaketa gainditu izana baliatzeko aukera izango du bihar Zumaian Urrezko Aizkoran Peñagarikanori irabazteko

DONOSTIA
2004ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako sailkapen ligaxka bihar hasiko bada ere, hartan aritzeko bi aizkolari falta dira oraindik. Bata, Iñaki Azurmendi eta Joxemiel Peñagarikanoren arteko kanporaketatik sailkatuko dena, eta bestea, Miel Mindegiaren eta Arria V.aren arteko irabazlea. Azurmendik eta Peñagarikanok bihar jokatuko dute kanporaketa, Zumaiako Odieta kiroldegian (12:30, ETB). Hamar enbor ebakiko dituzte: bi 45 ontzako, lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako.

Azurmendik hiru kanporaketa gainditu ditu, eta izan du astia lehiari neurria hartzeko. Halere, igandean nahi baino gutxiago behartu zuen bere burua Aitor Senosiain menderatzeko, eta horregatik, bere parean ari daitekeen baten kontra indarrak neurtu gabe helduko da kanporaketara.Peñagarikanori dagokionez, sarritan esan izan dugu ongi prestatuta egoten dela, baina hori soilik ez da nahikoa. Horren lekuko iazko Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketak. Gipuzkoakoan 3 segundoko aldea atera zion arriarandarrak Peñagarikanori, biek oso amaiera ikusgarria egin ondoren. Euskal Herrikoan minutu eta sei segundoko aldea atera zion. Halere, ez da ahaztu behar Donostiako Urrezko Kopan Peñagarikanok 6 minutuko aldea atera ziola Azurmendiri. Horregatik, biharkoak zerbait argi lezake bien arteko lehia estua zertan den.Ligaxkan, Nazabalek eta Olasagastik binakako lehian egin zuten azken jarduna, orain dela bi hilabete eta erdi. Nazabalek jarduera egokiagoa erakutsi zuen, eta azkenaldaldian emaitza hobeak ari da lortzen. Hortaz, Olasagastik badu arrazoirik ordainekoa emateko. Lau 45 ontzako, lau kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte.

-

Denborak



Aurreko kanporaketakoak

Iñaki Azurmendi: 18 m eta 20 s.

Joxe J. Barberena: 19 m eta 23 s.

Antonio Senosiain: 20 m eta 21 s.

Arria V.a: 20 m eta 37 s

Antonio Senosiain: 21 m eta 12 s

Iñaki Azurmendi: 21 m eta 34 s

Joxe Etxebeste: 21 m eta 42 s

Aitor Senosiain: 23 m eta 51 s

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.