Azurmendik, Txapartegi, Barberena, Aitor Senosiain eta Peñagarikano kanporatu zituen sailkapen fasean. Ligaxkan, berriz, Nazabalen kontra galdu zuen. Beasaingoak, Nazabalek baino minutu bat eta 40 segundo gehiago behar izan zituen hamar egurrak ebakitzeko, baina, hala ere, ligaxkako bigarren denborarik onena egin zuen, alboko taulan ikus daitekeen bezala.Olasagastik eta Azurmendik Gipuzkoako Txapelketan neurtu dituzte indarrak azkenaldian. Hala, 2002an Olasagastik 32 segundoko aldea atera zion arriarandarrari, eta txapela jantzi zuen; Azurmendi bigarren izan zen. Iaz, ordea, Azurmendik jantzi zuen txapela lehendabizikoz eta 13 segundoko aldea atera zion Igeldokoari (hirugarren).Iazko Euskal Herriko Maila Nagusiko kanporaketan, Azurmendik (bosgarren) 55 segundoko aldea atera zion Olasagastiri eta Igeldokoa ez zen sailkatu.Olasagastik aitortu du Azurmendik «gorantz» egin duela . Nazabalen aurkako neurketaz hau dio: «Ni prestatuta joan nintzen, baina lanerdietan aurrea hartu zidan eta ez nuen deus egiterik izan. Nazabal sasoian dago eta finalera sartuko da»Igeldokoak iazko Banakako Urrezko Aizkorako finala jokatu zuen Larretxearen aurka, eta berriro finalean izatea «erronka handi samarra» dela nabarmendu du. Nolanahi ere, asmo osoarekin plazaratuko dela esan du: «Itxaropentsu naiz eta konfiantzarekin nabil. Dena den, gaur egun oso sasoiko egon behar duzu, eta gure adinarekin normala da indarrak galduta egotea. Azurmendi artista da, eta lanerdietatik aurrera ere irauten duela erakutsi du».Gaur, berriz, Donato larretxeak eta Miel Mindegiak neurtuko dituzte indarrak beren multzoko lehen postua eskuratzeko, Karrantzan (Bizkaia). Mindegiak bi saio jokatu ditu eta Larretxeak bat. 2002ko Nafarroako Txapelketa Nagusian 2 minutu eta 22 segundoko aldea atera zion Larretxeak Mindegiari. Iaz ere Arantzakoa nagusitu zen, eta baita Euskal Herriko finalean ere, 2 minutu eta 56 segundoko aldea aterata.Concha Plazan izango dute lehia (12:00).
-
Orain arteko denborak
Ligaxkakoak
Floren Nazabal: 27 m eta 01 s.
Iñaki Azurmendi: 28 m eta 41 s.
Donato Larretxea: 29 m eta 07 s.
Floren Nazabal: 29 m eta 19 s.
Miel Mindegia: 30 m eta 51 s.
Anjel Arrospide: 31 m eta 18 s.
Joxemari Olasagasti: 31 m eta 40 s.
Anjel Arrospide: 32 m eta 12 s.