Olasgastik eta Etxebestek orain 29 egun jokatu zuten proba; beraz, aspaldi. Halere, lehiari neurria hartzeko izan zen, eta bihar gehiago jo beharko dute; hori dio behinik behin Etxebestek: «Dudarik ez izan; hobeto ariko gara. Kontrario hauek, halere, indartsu ikusten ditut. Igandean, bederen, nahiko erraz irabazi zuten; besteak beste, Barberenak ez zuelako neurria eman». Igeldoko aizkolariek «serio»jarraitu dute prestatzen.Dena den, belaun atzealdeko zuntz arazoak dituela dio, eta gerritik «asko tiratzen» diotela. Horregatik, «laser izpiak» hartzen aritu dela. Aurreko saio hartan bera aritu zen azaleko lanetan, eta «halaxe» egingo dutela aipatu du. «Izan ere, Olasagastik indarra du, eta lehertu egiten du enborra barruan. Nik, aldiz, epaia taxuz bideratuko diot».
Nazabal-Erdozia, berdintsu
Aurkariei dagokienez, Nazabal ariko da azaleko lanetan berriz. Igandekoa baino proba «gogorragoa» izango dela aipatu du Nazabalek. «Halere, zail da jakiten zer egingo duen Olasagastik. Etxebeste, berriz, antolatzailea da eta gogoz ariko da». Nafarrek, 60 ontzakoa, oinbikoa eta 4 kanaerdiko plazaratuko dituzte.
Nazabalek aitortu du Erdozia «urduriegi» aritu zela igandean. «Etxean hobeto aritzen da, baina plazan lotu egiten zaizkio besoak. Uste du ni askoz gehiago naizela eta larritu egiten da. Horregatik, espero dut larritasuna gainditzea eta txanda libreko probetan erantzutea, gai baita». Nafarrek, garrantzia emango diote lehen probari.
-
Saioko probak
Jardunaldi bakoitzak lau proba puntuagarri izango ditu, eta puntu gehien batzen duen bikotea izango da jardunaldiko garailea. Bikote bakoitzak 15 enbor ebaki beharko ditu eta 13 puntu izango ditu saio bakoitzak.
1. proba: Bi bikoteak txanda librean oinbiko bat ebakitzen (2 puntu).
2. proba: Buruz buruko saioa kanaerdiko bat ebakitzera (puntu 1). Lehenik, Erdozia Etxebesteren aurka ariko da. Gero, hurrenez hurren, Nazabal Olasagastiren kontra, Erdozia Olasagastiren aurka eta, azkenik, Nazabalek Etxebesteren kontra neurtuko ditu indarrak.
3. proba: Txandaka bi bikoteak, bi kanaerdiko ebakitzera (2 puntu). Bikote bakoitzeko aizkolariak enbor osoa ebaki beharko du kideari lekukoa eman aurretik.
4. proba: Txanda librean bi bikoteak elkarren kontra, zortzi enborrera: Lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako (5 puntu).