Aizkorak erabat bereganatuko du asteburu hau ere, hiru jaialdi izango baitira: Urrezko Aizkolarien Buruz Buruko Lehiaketa Gurea Kaiku Sari Nagusiko bi eta Unai Otañok eta Xabier Mindegiak jokatuko duten apustua bestea. Guztira, bost saio jokatuko dira.
Egur Sportek antolaturiko Urrezko Aizkolarien Lehiaketak Aramaiora (Araba) joko du gaur.Hain justu, Ibarrako udal pilotalekuan bi saio jokatuko dira (17:00, ETB). Maila Nagusian, Joxe Etxebestek eta Xabier Orbegozo Arria V.-ak neurtuko dituzte indarrak, zortzi enborrera: sei kanaerdiko eta bi 60 ontzako.
Etxebestek Erasun kanporatu zuen joan zen larunbatean, eta, gehienbat, kanporaketaren bigarren itzulian hobeto aritu zelako. Azkenean minutu bat eta 3 segundoko aldea atera zuen Igeldokoak. Gaur, Arria V.aren aurka ariko da. Errezildarra zer-nolako sasoian dagoen oso gutxik daki, joan zen udaz gero ez baita sarri aritu plazetan. Garaileak Faustoren aurka jardungo du.
Saio berean, aurrez, Berrien Mailako kanporaketa ere jokatuko dute Arkaitz Iriarte Igertza Azpeitikoak eta Jon Rekondo leitzarrak. Hasiera batean Otaegi zen Igertzaren aurka jokatzekoa eta Rekondo Xabier Mindegiaren aurka. Gauza da, ordea, apirilaren 10ean Gazte Mailako finala jokatzekotan direla Ugaitz Mugertza eta Jon Rekondo bera. Hori dela eta, Bengoa antolatzaileak aldaketak egin behar izan ditu. Igertzak lehen kanporaketa jokatuko badu ere, urrestildarrak erakutsia du lehen ere finalera heltzeko maila duela.Bihar, bi kanporaeta izango dira ikusgai Zegamako (Gipuzkoa) pilotalekuan (18:30). Biak ala biak, gainera, Maila Nagusikoak. Lehenik, Luismari Txapartegik Antonio Senosiainen aurkajokatuko du zortzi enborrera. Txapartegik Aranberri kanporatu zuen joan zen larunbatean, baina ez zuen nahi bezain gustura amaitu. Senosiainek lehen kanporaketa jokatuko du.Bigarren kanporaketa Juanjoxe Erdoziak eta Joxemiel Peñagarikanok jokatuko dute. Erdozia nafarrak Vicente kanporatu zuen joan zen igandean, eta aitortu zuen Peñagarikano beste maila batekoa dela.
Xabier Mindegiak eta Otañok, lehen apustua
Urteko bigarren aizkora apustua jokatuko dute bihar Unai Otaño Ibarrakoak (Gipuzkoa) eta Xabier Mindegia Beintza Labaiengoak (Nafarroa), Doneztebebeko (Nafarroa) eskoletako pilotalekuan (12:30). Aizkolariek hamarna enbor ebaki beharko dituzte: zortzi kanaerdiko eta bi oinbiko. Alde bakoitzak 1.500 euro jokatuko ditu.
Otañok 27 urte ditu, eta lau urtez aizkora utzita egon zen arren, iaz berriro agertu zen eta ari da neurria hartzen lehiari. Martxoaren 3an banakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako saioa jokatu zuen Aranberriren aurka, eta lehiatik at geratu zen. Harrezkero, dezente aritu dela aizkoran eta prestakuntza fisikoa lantzen aipatu du.Mindegiak 21 urte ditu eta binakako Urrezko Aizkolarien lehiaketa izan da bere azken txapelketa. Hartan finala jokatu zuen Larretxearekin. Nafarrak badaki bakarrik aritzea ez dela berdina eta gehiago kostatzen zaiola: «Dagoeneko presioa somatzen hasia naiz, lehen apustua baitut. Txapelketarekin alderatuta, oso desberdina da, baina gogoz nago eta hasieratik joko dut».
AIZKORA . Urrezko Lehiaketa eta apustua, batera
Maila Nagusiko hiru saio jokatuko dituzte bi egunotan; Peñagarikanok, Senosianek eta Arria V.ak lehen saioa izango dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu