Akordiorik gabe, mehatxua

Jokalariek eta Ligak ez dute akordiorik lortu greba deialdia atzera botatzeko; jokalariek, gainera, sasoi osorako luzatu dute mehatxua37 jardunaldi izan ditzake denboraldiak, jokalariek ez baitute abenduan jokatu nahi

Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
AFE jokalarien elkartearen eta LFP liga batzordearen arteko desadostasuna gero eta nabariagoa da. Inork ez du amore ematen, eta sasoia noiz hasiko den ez da ziurra. Atzoko bileran, akordio bat lortzea zen helburua, baina, azkenean AFEk, denboraldi osorako mehatxua egiteaz gain, lehen jardunaldia abenduaren 28an ez jokatzeko mehatxua egin zuen, denboraldia 37 jardunalditara murriztuz.

Gaur hasi beharko luke sasoiak, baina jokalariek partidak ez jokatzea erabaki zuten. Ez jokatzeaz gain, ez entrenatzea ere bai. Horrela erabaki baitute greba egitea, lau eguneko gelditze batekin, nahiz eta talde batzuek bi edo hiru eguneko etenaldiak bakarrik egingo dituzten. «Ez da ona garai honetan lau eguneko geldialdiak egitea», esan zuen Jose Luis Oltra Deportivoko entrenatzaileak.

Asteazkeneko bileraren ondoren, atzo beste bat egin zuten AFEk eta LFPk. Baina gauzak bere horretan jarraitzen du, akordiora iritsi gabe. Atzokoak lau ordu iraun zuen, eta gaur goizean jarraituko dute AFEren egoitzan (10:15), akordiora iristeko esperoan; bestela, astelehenean elkartuko dira. Bi aldeek ez dute amore ematen, eta bakoitzak berea defendatzen du: AFEk, jokalarien hitzarmen kolektiboa aldatzea; LFPk, jokalarien greba deialdia bertan behera uztea.

Atzoko bileraren ondoren, AFEk argi utzi zuen gauzek lehen bezala jarraitzen dutela. «Guk ez dugu amore emango. Diru arazoak konpondu nahi ditugu, eta hori lortu arte greban jarraituko dugu; denboraldi osoa egon behar badugu, egongo gara», esan zuen Luis Gil AFEko gerenteak. Gainera, lehenjardunaldia abenduaren 28ra atzeratzea grebaren aurkako neurria dela aitortu zuen Gilek. Jose Luis Astiazaran Ligako presidenteak ez zuen bileraren inguruan hitz egin nahi izan. «Jokalarien greba eskubidea errespetatzen dugu, eta ez dugu horien aurkako neurririk hartuko. Arautegiak greba kasuetan jartzen duena beteko dugu. Grebak eragiten dien alderdi guztiekin hitz egin dugu gaur ez dela jardunaldirik egongo esateko». Haratago joan zen Jose Sepulcre Ligako presidenteorde eta Elxeko presidentea. «Lehen jardunaldia galdu dugu, eta horrela jarraituz gero, bigarrena ere bai. Taldeok ezin dugu gehiago egin, eta, jokalarien elkarteak atzera egiten ez badu, ez da bigarren jardunaldirik izango.

Giltza, hitzarmen kolektiboa

Jokalarien elkarteak abuztuaren 11n egin zuen mehatxuak aurrera jarraitzen du, eta bi modu daude horrekin amaitzeko: AFEk amore ematea, edo hitzarmen kolektiboa aldatzea. Lehenengoa ez da posible izango, helburua lortu arte ez zutela amore emango esan baitzuten. Mehatxua luzatzen jarraituko dutela eta denboraldi osora luzatzeko prest daudela aitortu zuen atzo Gilek.

Ez dute hitzarmen guztia aldatu nahi, horko puntu bat baizik. Lortu nahi dutena Kirol legea legearen gainetik jartzea da, 2004. urtera arte bezala. Horrela, talderen batek hitzarmen kolektiboa beteko ez balu, mailaz jaitsiko litzateke. Mehatxu horrekin ziur taldeek ez luketela xahutuko ez duten dirurik, eta egungo arazoa konponduko litzateke.

Batzuek Ligari egozten diote errua; beste batzuek, ordea, beste taldeei. Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzaileak LFPko ordezkarien aurka hitz egin zuen atzo. «Ez dut ulertzen futbolaren inguruan dabiltzan eta hortik kobratzen duten pertsona batzuek grebaren inguruan dutenerreakzioa. Beste mundu batean bizi dira, eta gainera ondo kobratzen dute». Diru arazoekin «zortzi edo bederatzi urte» daramatzatela esan zuen bizkaitarrak. «Eta AFE orain serio jarri da egoera hau aldatzeko asmoz. Aldaketa ona izan daiteke talde guztientzat, nahiz eta diru arazorik ez izan». Sepulcrek, ordea, beste taldeen aurka egin zuen. «Ez da normala, guk ahaleginak egiten ditugu zorrik ez izateko, eta beste taldeek, ez duten dirua xahutzeaz gain, Konkurtso Legera joaten dira, esandako kantitatearen edo duten zorraren erdia bost urteko tarte batean ordaintzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.