Ekintza guztien ostean, indar bereko erreakzio bat etortzen da kontrako norabidean. Hala dio, laburbilduz, Newtonen hirugarren legeak. Zenbaezinak dira printzipio horren adibideak; Alavesek kolpeei erantzuteko duen gaitasuna izan liteke bat. Izan ere, partida bat galdu duen aldiro, hurrengo lehian beti lortu du puntu bat gutxienez. Liga Bartzelonaren kontra 3-0 galduta hasi zuen, baina Betisekin hutsean berdinduta altxatu zen estropezutik. Eta are hobeak izan ziren hurrengo bi erreakzioak: Real Madrili eta Huescari irabazi zien Levante eta Eibarren kontra galdu eta gero. Laugarrenez galdu zuen iragan jardunaldian, Leganesen (Espainia), eta gaur berriz ere akzio-erreakzioaren legea betetzen saiatuko da, Mendizorrotzan, Sevillaren aurka.
Sona handiko norgehiagoka izango da, sailkapenaren goiko aldean baitaude bi taldeak: ligako liderra da Sevilla, eta laugarren dago Alaves, soilik hiru puntu gutxiagorekin. Bi taldeak ari dira txikitzen sasoia hasi aurreko aurreikuspenak, eta, oraingoz, apenas nozitu duten bertigoa. Hori bai, lider jarri eta hurrengo jardunaldian, beti egin du kale Sevillak. Horretan ere, akzioa eta erreakzioa. Aurrekariak, beraz, alde ditu Alavesek; Mendizorrotza faktorea bezalaxe. Etxean galdu ez duen talde bakarra da Atletico Madrilekin batera, lau partida irabazi eta bi berdinduta. Hiru garaipen daramatza segidan etxean, eta gaur laugarrena lortzen saiatuko da.
Arabarrek akuilu izango dute aurkariaren sona. Hala nabarmendu du Abelardo Fernandezek: «Europako talderik onenetako baten kontra jokatuko dugu, eta hori pizgarria da guretzat. Mendizorrotzan halako lehiak jokatzeko borrokatzen gara; horregatik jarraitu nahi dugu Lehen Mailan». Garrantzia kendu zion ostegunean Sevillak Europa ligan Standard Liejaren kontra galdu izanari, eta, halaber, laudatu egin zituen haren postukide Pablo Machinen ibilbidea eta sistema. «Urte asko daramatza maila oso onean, denboraldi itzelak egin ditu Gironan, eta jokalariak hazi egiten dira haren eskemarekin».
Hegaleko luzeak darabiltza Machinek. Eskuinean, finkoa da Jesus Navas. Haren barneraldiak ari dira izaten erasoko argudio nagusietako bat Sevillarentzat. Horrez gain, zelai erdian talentu handiko jokalariak ari da pilatzen: triangelu beldurgarria osatzen dute Banegalek, Franco Vazquezek eta Sarabiak. Horri guztiari aurre egiteko, aurrelari bat kendu eta hiru erdilari zelaira litzake Abelardok. Horietako bat Pina izan liteke, jada osatu baita. Badute gasteiztarrek haren beharra, itsasargi lanak egin ditzakeen taldeko erdilari bakarra baita. Bestelakoan, ez da aldaketarik espero hamaikakoan. Atzeko lerroa Martinek, Laguardiak, Ximok eta Duartek osatuko dute ziurrenik, hegalak Jony eta Ibairentzat izango dira, eta golak sartzeko ardura Callerik edukiko du.
ALAVES-SEVILLA
Alaves. Pacheco; Martin, Ximo Navarro, Laguardia, Duarte; Wakaso, Manu Garcia, Pina; Ibai, Calleri eta Jony.
Sevilla. Mercado; Carriço, Kjaer, Sergi Gomez, Escudero; Sarabia, Banega, Franco Vazquez; Ben Yedder eta Andre Silva.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. Mendizorrotza (19.810 ikusle).
Ordua. 20:45ean (Bein La Liga).
Akzioa eta erreakzioa
Alavesek Sevilla hartuko du gaur Mendizorrotzan, Espainiako Ligako liderra. Etxeko bolada onari eutsi nahi dio, hemezortzi puntutatik hamalau lortu baititu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu