TXIRRINDULARITZA

Alaphilippek eta Kwiatkiowskik Itzulia utzi dute

Txirrindulari frantziarra erori egin zen atzo, eta, berak jarraitu nahi bazuen ere, medikuek erretiratzeko agindu diote. Kwiatkiowski, berriz, gaurko etapan erretiratu da.

2019ko apirilaren 11
15:09
Entzun 00:00:0000:00:00

Ondorioak izan ditu Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapan izandako eroriko handiak. Makina bat txirrindulari erori ziren lurrera. Batzuk helmugara iritsi ziren; hori bai, denbora asko galduta. Beste batzuek, ordea, lasterketa utzi behar izan zuten. Horietako bat izan zen Jonathan Castroviejo. Sky taldeko ziklista getxoztarrak eskuineko lepauztaia hautsi zuen, eta ebakuntza egin behako diote. Haren taldekide Michal Kwiatkowski eta Geraint Thomas ere erori egin ziren, baina biak gai izan ziren helmugara iristeko. Hala ere, Kwiatkiowskik Itzulia uztea erabaki du gaurko etapako 74. kilometroan.  Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step), berriz, ez da izan gaurko etapako irteera lerroan. Itzulia utzi du erorikoan izandako lesioengatik. Atzo etapa bukatu zuen, eta lehian jarraitu nahi bazuen ere, taldeko medikuek erretiratzeko agindu diote.

Tropeleko txirrindulari gehiagok ere utzi dute lasterketa. Besteak beste, Jon Irisarrik (Caja Rural), Jon Aberasturik (Caja Rural), Nicholas Rochek (Sunweb), Ricardo Vilelak (Burgos-BH), Alexandre Geniezek (AG3R), Nathan Brownek eta Daan Olivierek (Jumbo-Visma).

Bestelakoan, laugarren etapa jokatuko dute gaur. Itzuliko etaparik aproposena da ihesaldi bat antolatzeko. Txirrindulariek Gasteiz eta Arrigorriaga (Bizkaia) arteko 164 kilometroak bete beharko dituzte. Helmugatik 44 kilometrora, baina, Bikotz Gane lehen mailako mendatera (570 metro) igo beharko dute. Igoera gogorra da, ia bost kilometro eta, batez beste, %8,6ko pendiza duena. Sailkapenean arriskutsuak ez diren txirrindularien talde batek goraka saialdia egiten badu, helmugara iristeko aukera izan dezake. Azken kilometroak makurrak dira beste behin. Helmugatik sei kilometrora Zaratamoko gaina dago. Lau kilometroko ibilbide gorabeheratsua da, eta, gora heldu eta gero, bi kilometroko jaitsiera oso bizkorra dago helmugara arte. Bihurgune arriskutsu pare bat du, eta goian tarte txikia irekitzen duenak helmugan besoak altxatzeko aukera handia izango du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.