Bolada txarra modako taldearen aurka eten du Alavesek. Txapeldunen Ligako postuetan dago Elx igo berria, baina gaur ezin izan du saririk lortu Mendizorrotzan. Alavesek partida ona jokatu du, eta bost minutu zorotan bideratuta utzi du garaipena. Carlos Vicente, Toni Martinez eta Lucas Boye izan dira golegileak.
Alavesek hasieratik erakutsi du hiru puntuak behar zituela gaur. Hiru partida zeramatzan irabazi gabe, etxeko azken partida galdu egin zuen Sevillaren aurka, eta komeni zen bide ona berandu baino lehen berrartzea.
Neurketa lehiatua jokatu dute bi taldeek, erritmo askokoa; baloia ahalik eta azkarren berreskuratzen saiatu dira bata zein bestea. Dena den, Alaves erosoago jardun da partida osoan zehar. Lehen zatian etengabe sortu du arriskua hamaikakoan berrikuntza izan den Caleberen eta Ottoren hegaletik, eta Elxek sufritu egin du defentsan, bereziki, geldikako jokaldietan. Gol aukera argiena Pablo Ibañezek izan du aldaratze batean, baina defentsak kornerrera desbideratu du baloia. Lesio bat tarteko, Calebe kendu eta Carlos Vicente sartu du Coudetek 37. minutuan.
Amaieran erabaki da
Bigarren zatia antzekoa izan da. Alavesek gertuago izan du gola, geldikako jokaldi batean gutxigatik joan da kanpora alde guztietan agertu den Tenagliaren burukada, eta Elx kontraerasoan saiatu da bere aukerak sortzen.
72. minutuan Gebara, Aleña eta Denis Suarez zelairatu ditu Coudetek, eta hori izan da taldeak garaipenaren bila joateko behar zuen azken bultzada. 75. minutuan arean agertu da, berriz ere, Tenaglia: Nuñezek besoarekin geratu du atzelariaren errematea, eta penaltia adierazi du epaileak. Vicentek bidali du baloia sareetara, modu ikusgarrian.

Hiru minutu geroago, kontraeraso batean, Toni Martinez geratzeko ahaleginean txartel gorria ikusi du Affengruberrek, eta, bi minutu geroago, aurrelari valentziarrak berak jokaldi zoragarria egin eta 2-0ekoa ezarri du markagailuan. Bost minutuan neurketa erabakita utzi du Alavesek.
Ezer gutxi gertatuko zela zirudienean, itxura batean arrisku gutxi zuen jokaldi batean, Valeraren erdiraketa bat sareetara bidali du Andre Silvak. 93. minutua zen, eta, zorionez, Lucas Boyek minutu bat geroago uxatu ditu Mendizorrotzako zaleen beldurrak, hirugarren gola eginda, bere lehenengoa Alavesen elastikoarekin.