Gozatu ederra hartu dute gaur Alaveseko zaleek Mendizorrotzan. Hiru puntuak etxean geratzeaz gain, zazpi gol ikusi dituzte bertatik bertara, zein baino zein ederragoak. Zorionez, horietatik lau Alavesek sartu ditu. 4-3 irabazita, pozik atera dira gasteiztarrak zelaitik, eta oso haserre Jose Luis Mendilibar Sevillako entrenatzailea.
Teknikari bizkaitarrak bikain ezagutzen du gaurko protagonista nagusia: Kike Garcia aurrelaria. Arabako taldean jokalari garrantzitsua izango dela dirudi. Lehen jardunaldian, Gasteizen ordu gutxi batzuk eraman arren, azken minutuetan jokatu zuen; gaur, berriz, hasierako hamaikakoan ipini du.
Luis Garcia Plazak. Aurrelariak bi gol sartuta eskertu dio konfiantza entrenatzaileari.
Kike Garcia jokatzeko prest izateak, gainera, bosteko defentsa alde batera utzi, eta hain gustukoa duen 4-3-3ko eskema erabiltzea ahalbidetu dio Garcia Plazari. Hala ere, oraindik ere pieza gutxi batzuk falta zaizkiola onartu du entrenatzaileak. Eskema horrekin gustura aritu zen joan den denboraldian Alaves, eta Mendizorrotzaren babesean, denboraldiko lehen garaipena lortu du.
Ezin hobeto hasi da neurketa etxeko taldearentzat. Luis Riojak, zartako gurutzatu batekin, Dmitrovic atezaina gainditzea lortu du zazpigarren minutuan. Pozak, baina, gutxi iraun die arabarrei, zazpi minutu eskas. Sevillak geldikako jokaldietan min egiteko oso jokalari aproposak ditu, eta ikusita zein den haien entrenatzailea, zer esanik ez. Hain zuzen, halaxe iritsi da berdinketa. Korner batean, kanpora zihoan baloi bat nahi gabe bere aterantz desbideratu du Abqarrek, eta Siverak ezin izan du ezer egin banakoa saihesteko.
Espainiarren golak ez du eragin txarrik izan etxeko jokalariengan. Bi hegaletatik arriskua sortu dute, eta gertu izan dute bigarren gola behin baino gehiagotan. Kike Garciak, Guridik eta Luis Riojak aukera onak izan dituzte berriro ere Alaves aurretik jartzeko. Sevillak ere izan ditu abaguneak: Lamela partida iraultzear egon da, baina haren jaurtiketak langa jo du. Atsedenaldira iristear zela, ordea, ez du huts egin argentinarrak, eta 1-2koa sartu du. Baina gasteiztarrek berehala erantzun dute, gola sartu dietenetik hiru minutura. Ruben Duarte kapitainak, ezkerkada ikusgarri batekin, binakoa egin du lehen zatia amaitu baino lehen. Golak zoramena eragin du Mendizorrotzako zaleen artean.
Ez du gol sena galdu
Lehen zatia bezalaxe hasi da bigarrena: Alavesek gola sartu du hasi eta gutxira. Kike Garciak bigarrengoz jarri ditu etxekoak aurretik. Osasunako eta Eibarko jokalari ohiak bukaera bikaina eman dio Luis Riojak erdiratu eta Guridik orraztutako baloiari. Golak arabarrak hauspotu ditu, eta, bost minutu barru, Kike Garciak laugarren gola sartu du, Dmitrovici izkin egin, eta pase bat sarera bidali ostean. Amorruz ospatu ditu golak aurrelariak. Joan den sasoian gol bakarra sartu zuen ligan Osasunarekin, baina Eibarren erakutsi bezala, lan egiteaz gain, badaki golak sartzen.
Sevillak asteazkenean Europako Superkopako finala jokatu zuen Manchester Cityren aurka, eta neurketa hartan aritutako asko hasierako hamaikakoan egon dira gaur. Lehen zatian ez, baina, bigarrenean, nekeak eraginda akaso, behera egin du pixka bat. Entrenatzaile zaldibartarra bere taldeari arnasa ematen saiatu da aldaketak eginda, baina Alavesek ez die erraztasunik eman atzealdean. Bosteko defentsa lerroa jarri, eta ia sufritu gabe amaitu du lehia etxeko taldeak. Rafa Mirrek, baina, neurketaren hondarrean, emozioa eman dio neurketari gol ikusgarria sartuta. Hiru gol sartu dizkiotelarik, zaila da irabaztea, baina, gaur, Alavesek irabazi egin du.