Alavesek eta Athleticek ligako partidak jokatuko dituzte gaur. Larunbatean jokatzeak, irabaziz gero, badu abantaila: zaleek, jokalariek entrenatzailek eta zuzendaritzako kideek pozik igarotzen dute igandea, bezperako garaipenak utzitako aho zapore gozoarekin. Gainera, patxadaz handiagoz ikusten dituzte aurkarien partidak. Biharko halako igande bat izan dadin saiatuko dira bi taldeak, etxera hiru puntuekin itzultzen. Izan ere, Alavesek Mallorcaren zelaian jokatuko du; Athleticek, berriz, Vila-reali egingo dio bisita.
Arabarrek jokatuko dute aurrena: 18:30ean (La Liga). Eduardo Coudet Chacho-k zuzentzen duen taldea denboraldi hasiera txukuna egiten ari da. Jokoan izan diren hemezortzi puntuetatik zortzi bildu ditu, eta sailkapenaren erdialdean dago. Zortzi urrats txiki egin ditu, denboraldiko helburua betetzeko: kategoriari eustea. Asteazkenean, Getaferen aurka, aldaketa ugari egin zituen hasierako hamaikakoan. Soilik hiru jokalarik errepikatu zuten bertan: Siverak, Garcesek eta Ottok. Ikusteko dago noren alde egingo duen gaur. «Uste dut partidaz partida hobeto ari garela, jokalariek gero eta gehiago ezagutzen dutelako elkar. Hainbeste aldaketa eginda, taldeak hain ondo erantzutea poztekoa da. Anbizio handia daukagu, eta bide beretik segitu nahi dugu».
Mallorcak, gaurko aurkariak, gaizki ekin dio sasoiari. Jagoba Arrasatek zuzentzen du taldea, eta azken-aurreko postuan dago sailkapenean. Bi puntu baino ez ditu lortu. Alavesen inguruan ondorengoa adierazi zuen atzo teknikariak: «Entrenatzaile ona du, eta multzoan jokalari asko. Gainera, konfiantzaz daude, sasoi hasiera ona egiten ari direlako. Gure onena emango beharko dugu irabazteko»
Aurkari zuzen baten kontra
Athleticek ondo ekin dio sasoiari. Lehen hiru neurketak irabazi egin zituen. Baina ordutik behera egin du. Ligan, jokoan izan diren azken bederatzi puntuetatik bakarra batu du. Asteartean egin zuen, Gironaren kontra: 1-1. Baina kostata lortu zuen puntua, eta aspaldiko lehen zati kaskarrenetakoa jokatu zuen. Vila-realek talde indartsua osatu du, eta denboraldi hasiera oso ona egiten ari da. Hamahiru puntu daramatza.
Talde zuri-gorrian, zalantzan dago Nico Williams ez da osatu, eta Berenguer ere ez dago deialdian, min hartuta baitago. Bestalde, Vivian jokatzeko moduan da, zigorra bete eta gero. Horrenbestez, ikusi beharko da Valverdek noren alde egiten duen erdiko atzelari postuan jokatzeko. Laporteren, Paredesen eta Vivianen artean, bat aulkian geratuko da. Gainerako postuetan ere litekeena da txandakatzeak egotea. Izan ere, asteazkenean Athleticek Txapeldunen Ligako ligaxkaren bigarren jardunaldiko neurketa jokatuko du Dortmunden.
Ernesto Valverdek honela aztertu du gaurko partida: «Norgehiagoka oso zaila izango da. Vila-realek talde indartsua du, eta denboraldi hasiera oso ona egiten ari da. Sevillari eta Osasunari azken minutuetan irabazi zien, baina lehenago ere merezi zuen aurretik egotea. Erasoan aukera asko sortzen dituen taldea da».