Valladolid 0-1 Alaves

Alavesek mailari eustea lortu du, Valladolidi irabazita

Kike Garciak sartu du gola, penaltiz. Gasteiztarrek ehunka zaleren babesa izan dute, eta elkarrekin ospatu dute garaipena.

Alaveseko jokalariak Kike Garciak sartutako gola ospatzen. ALAVES
Alaveseko jokalariak Kike Garciak sartutako gola ospatzen. ALAVES
Jone Bastida Alzuru.
2025eko maiatzaren 18a
21:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxean bezala jokatu du Alavesek Jose Zorrilla estadioan. Gasteizko taldeak ehunka zaleren babesa izan du Valladoliden, eta guztien artean lortu dute helburua: hiru puntuak eskuratu eta mailari eustea; 0-1 bukatu da partida, Kike Garciak penaltiz gol bat sartuta. Gasteiztarrek gogotik sufritu dute azken minutuetan, baina eutsi diote aurkariaren erauntsiari. Lasaitua hartu dute epaileak azken txistua jo duenean, eta aurpegiera aldatu zaie: irribarretsu eta jauzika, gogoz ospatu dute sasoiko xedea bete izana, bai jokalariek bai zaleek.

Giro paregabea izan da goizean eta arratsaldean kalean, eta baita gero harmailetan ere. Etengabe kantuan aritu dira zaleak, eta harmailakoek ezarritako erritmoan jokatu dute gasteiztarrek, batez ere lehen zatian. Sintonia erabatekoa izan da.

Partida garrantzitsua zen Alavesentzat, eta nabaritu da erritmoan. Erasokor hasi du lehia Gasteizko taldeak, neurketa hasieratik bideratuta utzi nahian. Laugarren minutuan izan du lehen gol aukera garbia. Guridik area ertzean hartu du baloia, eta haren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Segidan, bi erdiraketa arriskutsu egin ditu taldeak. Jo eta jo aritu dira, intentsitate handiz, saria eskuratu arte.

Hamaseigarren minutuan, Alavesen aldeko penaltia adierazi du epaileak. Kike Garciak bota du, nork bestela, eta sareetan bukatu du baloiak, nola ez; burua hotz izan du aurrelariak, eta bihotza bero. Denboraldi honetan hamahiru aldiz zulatu du atea; erraz esaten da. Talde osoak sutsuki ospatu du gola, baita zaleek ere, harmailetan.

Lanean segitu du Alavesek, bigarrena sartu nahian. Batez ere eskuin hegaletik jo du erasora, eta handik sortu du arriskurik handiena. Valladolid, berriz, ezinean aritu da. Kontraeraso batean aukera bat izan du etxeko taldeak, eta, hortik aurrera, besterik ez. Gasteiztarrek kontrolpean zuten aurkaria.

Bestelakoa izan da bigarren zatia, ordea. Valladolidek hiru aldaketa egin ditu atsedenaldian, eta partidaren gidoia aldatu egin da. Aldaketek on egin diote, eta, pixkanaka, hasi da Siveirak zaindutako ate ingurura iristen, geroz eta arrisku handiagoz egin ere. Bizpahiru aukera on izan ditu.

Horiek horrela, Alaves atzean sartu da azken minutuetan, emaitzari nola edo hala eutsi nahian. Kostata, eta sufrituta, baina lortu du. Partida bukatutakoan, jokalarietako batzuek lurrera bota dute bere burua, pozez txoratzen; beste batzuek elkar besarkatu dute, estu, eta guztiak zaleengana hurbildu dira gero, elkarrekin ospatu eta gozatzeko.

Hurrengo asteburuan jokatuko du Alavesek ligako azken partida, Osasunaren kontra. Hartan, batere presiorik gabe ariko da, etxeko lanak eginda utzi ditu eta. Bermatuta dago festa izango dela Mendizorrotzan. Denboraldi zaila izan da gasteiztarrentzat, baina amaiera ona eman diote, eta horrek balio du. 

Valladolid-Alaves

Valladolid. Hein; Candela (Ndiaye, 87. min.), Nikitscher, Cenk; Anuar (Arnu, 72. min.), Mario Martin (Ibrahim Alani, 46. min.), Amallah (Grillitsch, 46. min.), Aznou; Xavi Moreno (Ivan Sanchez, 46. min.), Raul Moro eta Latasa.

Alaves. Sivera; Tenaglia, Facundo Garces, Mouriño, Manu Sanchez; Blanco (Protesoni, 86. min), Carlos Vicente Gebara, Aleña (Conechny, 65. min.); Guridi (Jordan, 65. min.) eta Kike Garcia.

Golak. 0-1: Kike Garciak, penaltiz (17. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.