Gazteak beti sortzen du ikusmina. Gazteak beti sortzen du ilusioa. Baina gazteak gutxitan lortzen du kirol arloan onenen parera iristea. Bada, Jon Ander Albisuren (Ataun, Gipuzkoa, 1990) kasuan ezin liteke halakorik esan, izar artean distira egiten ari den pilotaria baita. Hasiera batean ez zegoen ziur binakako txapelketan parte hartuko zuenik ere. Asegarcek Pablo Berasaluzerekin batera plazaratu zuen. Eta bai. Bete-betean asmatu zuen. «Albisuren maila ona da orain arte binakakoak gure enpresari utzi dion albisterik onena». Argi eta garbi adierazi zion atzo BERRIAri Roberto Garcia Ariño Asegarceko intendenteak. Hura ere harriturik dago atzelariaren sasoi bolada onarekin.
«Bi beso luze ditu, eta harrigarria da zein ongi astintzen duen pilota. Erraztasun izugarria dauka, eta kantxan alde batetik bestera mugitzen ere ongi moldatzen da». Jakina da gero eta osoagoa izan behar duela gaur egungo atzelariak. Piloten eraginez erritmo biziagoan jokatzen delako, batez ere. Beraz, beharrezko dira aireko jokoa eta hanka bizkorrak. Horretan ez du arazorik Albisuk. Binakako partidetan nabarmendu da orain arte, baina buruz buru aritzeko dohainak ere baditu: «Sistema guztietara egokitzeko gaitasuna dauka, eta hori enpresarentzat gauza ederra da». Gaztea izan arren, oso da burutsua, eta horri esker lehiak gogortzen ikasi du. Gazte beterano bihurtzen ari dela esan daiteke.
Pozik egoteko moduan da Asegarce. Izan ere, atzelarien hutsune nabarmena eduki du aspaldian. Ruben Beloki eta Patxi Ruiz izan ziren indartsuenak bere garaian, baina urte dezente zeramatzan lehortean Bilboko enpresak. Horregatik, Mikel Beroiz Aspetik fitxatzea erabaki zuten. Ongi erabaki ere. Baina inor gutxik espero zuen debutatu berri batek halako maila emango zuenik.
2010eko martxoaren 3an jokatu zuen lehenbizikoz profesional mailan, Beotibarren, Tolosan. Etorkizunerako apustua zela esan zuten enpresako kideek. Ordea, etorkizuna uste baino lehen iritsi zaie: «Pilotari gaztea da, eta nola jokatzen ari den ikusita, itxaropen handia daukat harengan. Atzelaririk onenetakoa izango dela pentsatzen dut».
Estatistikei erreparatuz gero, partida gehienetan pilota dezente galtzen ditu, baina horrek badauka azalpena: «Edonoren aurka jokatzen duela ere, bizkarra erakusten du beti, eta normala da hutsak egitea. Barkatzekoa da, bere aurrelariari aukera asko sortzen baitizkio». Hori bai, hobetu beharreko arlo bat dela gogorarazi du Garcia Ariñok. Ez bakarra, ordea: «Une garrantzitsuetan gehiegi berotzen da, eta garesti ordaintzen du gero. Pilotari lasaia ematen duen arren, oso urduria da, eta kontrolatzen ikasi beharra dauka».
Berasaluze VIII.ak eta Albisuk osaturiko bikoteak hirugarren postuan amaitu du lehen itzulia, baina azken bi neurketak galdu ditu. Orain arteko jokoa egiten jarraituz gero helburua lortuko dutela uste du enpresako intendenteak. Gustura legoke finalerdietako ligaxkan bi bikote sartuz gero: «Oraingoz, txapelketa txukun doa guretzat. Bi bikote dauzkagu lehen lau postuetan, eta ez da gutxi. Bengoetxea VI.a eta Apraiz dira pattal antzean dabiltzanak. Egun batzuetan ongi jokatzen dute, baina besteetan ez. Findu beharrean daude». Asegarceko hiru bikote sailkatzea ametsa litzatekeela adierazi du Garcia Ariñok.
Txapelketari oro har begiratuta, bi gauza nabarmenduko lituzke bizkaitarrak: «Batetik, esan nahiko nuke Irujo-Barriola eta Olaizola II.a-Beroiz ez direla menderaezinak; eta, bestetik, erne Xala eta Laskurainekin, behetik gora datoz eta».
Pilotazaleak ematen ari diren erantzunarekin ere ez dagoela kexatzerik adierazi du: «Tokatu dira egun txarrak, baina gustura gaude. Bilboko frontoiak arnasa eman dio pilotari».
«Albisuk harritu egin gaitu»
Ataungoaren jokoak zur eta lur dauka Roberto Garcia Ariño bera ere, baina ikasteko asko duela gogorarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu