Aldaketei neurria hartzen

Alaves eta Osasuna zutabe berriak finkatu eta jokoa findu nahian dabiltza. Gabeziak sumatu zaizkie, baina kimu berdeak ere agertu dira. Gaur derbia daukate, Gasteizen (16:15, Dazn).

Aimar Oroz, Bartzelonako Sergi Robertori izkin egin nahian. J. MANTEROLA / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Eraikitze fasean daude oraindik Alaves eta Osasuna. Arabarrak igo berriak dira elitera, eta mailaz aldatzea prozesu deserosoa izaten da hasieran. Halere, lehiakor ari dira, eta ondo egindakoei jarraipena ematen saiatuko dira gaur, Osasunaren kontra Mendizorrotzan jokatuko duten derbian. Nafarrak gorenean guztiz egonkortuta daude, baina moldaketak egin dituzte taldean, eta norabidez ere aldatu behar izan dute, berehala gelditu baitira Europatik kanpo. Horiek horrela, oso pixkanaka ari dira martxa hartzen. Denbora apur batekin, egitura sendoa osa dezake berriro Jagoba Arrasatek, behetik hasi eta goian bukatzeko. Horixe nahi du Luis Garcia Plazak ere.

ESKU ONETAN DAUDE
Sivera, erabakigarri

Zimenduak hauskorrak izan ez daitezen, ateak ondo zainduta egon behar du. Horren kezkarik ez dute Alavesek eta Osasunak, biek ere goi mailako atezainak baitituzte. Antonio Siverak urrats nabarmena egin zuen iragan denboraldian, eta oso ondo ekin dio oraingoari. Zenbait gelditu erabakigarri egin ditu orain arte; akats nabarmenik, ordea, batere ez.

Gaizki egon gabe, maila apalagoa eman dute Sergio Herrera eta Aitor Fernandez Osasunako atezainek. Arrasatearrak ezohiko hutsak egin ditu oinarekin eta goiko baloietan, eta Herrera ere ez da nabarmendu oraindik. Dena den, luxua da gorritxoentzat haien mailako bi atezain edukitzea. Txandaka ari dira jokatzen.

ZULOAK DEFENTSAN
Arazo ezberdinak

Alavesen atzeko lerroak Osasunarenak baino itxura sendoagoa eman du orain arte. Alabaina, arabarrek sufritu egin dute aurkariak kontraerasoan oldartu eta lerro artean sartu zaizkienean. Zoria ere kontra izan dute: baloia beren atean sartu dute Abqarrek eta Marinek. Eskarmentu falta sumatu zaie biei. Sedlar izan da, orain arte, erdiko atzelarien artean seguruena.

Osasunari, berriz, gol gehienak erdiraketen bidez sartu dizkiote. Buruz bost gol jaso ditu dagoeneko ligan, aurreko sasoi osoan bezainbat. Airean lehia gehien irabazten duen taldea da, baina uzkur dabil area barruan. Aridane jada ez dago, eta Catenak eta David Garciak lehia gehiago behar dituzte erabateko koordinazioa lortzeko.

LANA ETA TALENTUA
Hegalen garrantzia

Bi taldeek jokalari trebeak eta engaiatuak dituzte makina gelan. Alavesen, Gebara da itsasargia. Baloiak lapurtu, eta argitasunez banatzen ditu Realeko jokalari ohiak. Euskarrian Antonio Blanco eta Benavidez izan ditu ondoan, txandaka, eta Jon Guridi lotura lanak egiten ari da zelai erdikoen eta aurrekoen artean. Bikain dabil orain arte; azken metroetan asmatzea falta zaio soilik. Osasunan, berriz, Aimar Orozek ematen dio zentzua eta distira jokoari. Talde gorritxoaren aingura gisa ikusgarri dabil Iker Muñoz, Taxoareko beste harribitxietako bat.

Zelai erdian baloia azkar mugitu eta jokoa hegaletatik sakontzen saiatzen dira bi taldeak. Ezker hegalean, bikote ezaguna du Alavesek: Duarte eta Rioja. Eta eskuin hegala bere egin dute Realetik iritsitako bi jokalarik: Gorosabelek eta Alex Solak. Ondo ezagutzen dute elkar haiek ere. Osasunan, eskuarki, Juan Cruz eta Mojica dabiltza ezkerretik, eta Ruben Peña eta Chimy Avila eskuinetik. Jesus Aresok sekulako maila eman du Peñaren ordez aritu denean.

AURRELARI SAIATUAK
Jokatu eta jokarazi

Pase luze gehien egiten duten taldeetako bi dira Alaves eta Osasuna. Hortaz, jauzika eta borroka bizian aritu behar dute aurrelariek. Bada, lan hori bekokia zimurtu gabe ari dira egiten Kike Garcia eta Budimir, bi taldeetako aurrelari titularrak. Ate aurrean ez dute beti asmatu, baina lan itzela ari dira egiten areatik kanpo. Kike Garciak garrantzia hartu du Osasunatik atera eta gero, eta Budimirrek txinpartaz ekin dio sasoiari. Aulkiei begiratuta, zeresana ari da ematen Samu Omorodion, sena oraindik fintzeko duen arren. Alabaina, gutxi agertu da orain arte Raul Garcia de Haro, Budimirren ordezkoa.Itxaropen handia dago harengan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.