Aldapa gora, Johansson

Birako bigarren etapan, suediarrak esprintean gainditu du Longo; Vos hirugarren sailkatu da 26 segundora

Emma Johansson suediarra, eskuin eskua altxatuta, atzo, Aretxabaletako helmugan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Marianne Vosek (Rabobank) oso gutxitan ez du irabazten. Euskal Herrian bi lasterketa irabazi ditu aste honetan: Durango klasikoa eta Emakumeen Birako lehen etapa, Iurretan (Bizkaia). Bi egun horietanahuluneren bat ikusi zitzaion, ordea. Aldapa gora ez dabil beste faboritoen pare. Atzo baieztatu zuen aurreko egunetan erakutsitako ezintasuna. Helmugatik 15 kilometrora, Emma Johanssonek (Orica) eta Elisa Longok (Hitec) atzean utzi zuten Vos, Gatzagako gainean. Johanssonek irabazi zuen etapa Aretxabaletan, eta lider jarri da; Longo dago bigarren, denbora berean; eta, Vos hirugarren, 26 segundora. Ane Santesteban da euskaldunik onena, hamahirugarren.

Itzuliko etaparik gogorrena zuten atzokoa. Eguna gehiago gogortu zuen eguraldiak, eta are gehiago txirrindularien joak. Lehen kilometroetatik hasi ziren erasoka, eta tropela txikituta iritsi zen Aretxabaletara. Gaur 13,4 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute Urduñan (Bizkaia). Erronka du Johanssonek Vosi eusten; 2008ko lehian herbehereetarra nagusitu baitzen ibilbide horretan.

Voeckler garaile, Dauphinen

Thomas Voecklerrek (Europcar) irabazi zuen Dauphineko seigarren etapa. Lau laguneko ihesaldia iritsi zen Grenobleko helmugara, eta Voecklerrek esprintean hartu zituen mendean beste hiru iheskideak: Kevin Seeldrayers eta Egor Silin (Astana) eta Jose Herrada (Movistar). Ihesaldi horretan sartu zen Euskalteleko Mikel Nieve ere, baina, 30 kilometro falta zirela, atzean gelditu zen leitzarra, Thomas De Gendt (Vacansoleil) eta Tim Wellensekin batera (Lotto). Oilarren artean ez zen mugimendurik izan atzo, eta Chris Froomek (Sky) arazorik gabe eutsi zion lidergoari. Gaurko etapa gogorragoa jokatuko dute (187,5 km). Alpe d'Huez eta Noyer mendate gogorrak igota, hirugarren mailako mendate batean amaituko da etapa.

Suitzako Itzulia ere gaur hasiko da, 8,1 kilometroko erlojupeko batekin. Bederatzi etapa ditu itzuliak. Besteak beste, bertan izango dira: Rui Costa iazko garailea (Movistar), Fabian Cancellara eta Andy Schleck (RadioShack), Tejay van Garderen (BMC), Bauke Mollema (Blanco), Simon Spilak (Katuxa) eta Michele Scarponi (Lampre). Igor Anton izango da Euskalteleko taldeburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.