Emakumezkoen kirolak, euskal selekzioaren aldeko ofizialtasun aldarriak eta euskaraz bizitzearen aldeko ekimenak hauspoa hartu dute gaur Donostian, Anoeta estadioko berdegunetik kanpo ere, Euskal Herria-Eslovakia partidaren aurretik.
Goizean zientoka lagunek hartu dute parte ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak, Euskara Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Herria Kirolak partidaren aurreko orduak girotzeko prestatutako egitarauan. 10:30etik aurrerako egitaraua antolatu dute eta, partidarako prestatutako Hamaika gara leloari kasu eginez, hamaika izan dira Anoeta inguruetara hasiera-hasieratik joandako herritarrak.
Baina jai giroaz aparte, aldarrikapen eguna da. "Hiru zentzutan da aldarrikapen eguna: berdintasunaren, euskal selekzioen ofizialtasunaren eta euskaraz bizitzearen aldekoa", esan dio BERRIAri Martxel Toledo ESAITeko koordinatzaileak. Hiru aldarriak gogorarazi ditu Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ere: "Kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politika bat aldarrikatzen dugun bezala eskatzen dugu kanpo esku hartzerik gabeko selekzio bat ere".
Musika, bertsoak, jendetza... dira Anoeta inguruan. Eszenatoki atzean ehunen bat metrora lasai antzean dira euskal jokalariak, kafea hartzen, euren hitzorduaren zain.
Egitaraua
• 10:30etik aurrera (estadioaren kanpoaldean). Irrien Lagunak, jolasgunea, txokolate jana, gune estaliak jan eta edanarekin, kale animazioa, joaldunak, batukada, trikitilariak, Debako elektro-txaranga, euskal jokoak, tailerrak eta DJ Bull.
• 11:00etatik aurrera (estadioaren kanpoaldean). Porrotx, Largabista eta Marikalanbre, Irrien Lagunekin dantzatzeko eta kantatzeko aukera eta Txan magoa.
• 13:00etan (estadioaren kanpoaldean). Ekitaldi nagusia.
• 13:30ean (estadioaren kanpoaldean). Ze Esatek taldearen kontzertua.
• 15:00etan (estadio barruan, sarrerarekin). Kantaldia Alex Gatibu, Anje Duhalde eta Naroa Amaiurrekin. Puntako kirolarien arteko norgehiagoka. Emakumezkoen futbolean aitzindari izandakoen omenaldia.
• 16:30ean. Euskal Herria-Eslovakia nazioarteko partida.