Aulkitik begira

Aldatua aldatzen ez jakitea

Aitor Manterola Garate.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Okerrak zuzentzeko. Astebururako lan hauek jarri nizkion neure buruari: Realaren eta Osasunaren jarduna zehatz aztertzea. Luparekin. Aurreko jardunaldian zenbait gauza oker egin zituzten, eta zuzendu dituzten ikusi nahi nuen. Oker horien berri Jose Luis Mendilibarrek eman zuen, bere taldeaz ari zela, aurreko asteburuko partidaren ondoren. Martin Lasartek ez zuen halakorik egin, baina nabarmena zen zerbait aldatu eta asko zuzendu behar zuela igandera begira. Okerrak zuzentzeko partidak ziren biak, Osasunarena eta Realarena.

Marrazkiaren zirriborroa. Lasartek jokalariak aldatu zituen. Marrazkia ere bai. Eta marrazki berriak taldeko taktikan eragina izan zuen. Rivasen eta Zurutuzaren ordez, Markel eta Elustondo atera zituen. Ohiko 4-2-3-1 marrazkia 4-1-4-1 bilakatu zen. Eta, marrazki hori egokia denez aurkariari bere zelaian presio egiteko, aukera hori baliatzen saiatu zen taldea. Horra aldaketak. Egoera txarra luze jotzen ari da, eta halakoetan, normala da gauzak aldatzea. Erabakiak zuzenak edo okerrak izan ziren beste kontu bat da. Baina Lasartek ez zituen egingo aldaketak partida galtzeko. Marrazkiaren gaiari helduko diot. Esan dut zertarako den egokia, baina, marrazki guztiek bezala, desegokia ere badu zerbait: lerroak atzeratu eta egoera horretan defendatzeko, ez du balio. Lauko bi lerroen artean zulo asko gelditzen da euskarriaren bi alboetara. Ederki baliatu zuen hori Atletico Madrilek, barrutik jokatzeko, Reala ez baitzen gora iristen presioa han egiteko. Eta, lerroak atzeratuta eduki behar izan zituenez, marrazkia ez zen egokia lan hori egiteko. Hor izango naiz kritikoa Lasarterekin. Ikusirik marrazkia ez zela egokia etxekoen jokoa gelditzeko, beste zerbait marraztu behar zuen une horretan.

Euskarriei boikota. Osasunak kale egin zuen etxeko partidan, eta alor honetan egin zuen kale, besteak beste: erasoan, jokoari hasiera ematen zaion eremuan, atzelariak eta zelai erdikoak bat egiten duten leku horretan, makina bat aldiz galdu zuen baloia. Herenegungo jardunerako hobetu beharra zeukan hori. Hobetu ez, aldatu egin zuen, euskarriei boikota eginez. Lau atzelariek baloia zutenean, euskarriak ez ziren jaisten baloia eskatzera. Atzelarien ardura zen baloia gorago igoaraztea. Aurreko partidako arazoa kolpetik akabatzea da hori. Sportingeko aurrelariek Osasunako atzelariei presiorik egin ez izanak ere eragin zuen egoera berria. Gabezia konpontzea ez da, baina etxeko partidan baino zailtasun gutxiago izan zituen taldeak horretan. Beharko izan! Baina beste bat azaldu zen igandean: atzelariek baloia zeukatenean, baloiaren aurretik zeuden jokalariak ez ziren asko mugitu, eta ezin paserik jaso horrela, ezin jokoa lotu. Eta halakoetan erabaki bera hartzen dute ia beti atzelariek: joko zuzena erabiltzea. Halaxe jokatu zuen Osasunak herenegun, eta taldea ez zen eroso egon. Uste dut beste zerbait nahi duela Mendilibarrek.

Denok ulertzeko moduan. Ezin nuen ikusi Athletic-Real Madril partida, eta aurretik nekienez ezingo nuela ikusi, luparik erabili gabe begiratu nion astearen hasieratik. Gainera, pentsatzen nuen etxekoek irabaziko zutela, kanpotarrek Liga ez beste bi lehiaketetan dutelako itxaropena jarria. Partida jokatzeko moduan ere ez nuen berritasunik espero. Baina hara non gertatu zen ezustea. Emaitzaren berri izatean, hor bertan, eta gero, Jose Mourinhoren estrategiaren berri izatean, alor horretan. Joaquin Caparrosek azaldu zuen prentsaurrekoan portugaldarrak zer prestatu zion. Ohi bezala, luzea bota zuen, bata zela, bestea zela, kontraerasoan jokatzera etorri zela Real Madril, horri aurre egiten ez zutela asmatu, talde fisikoa atera zutela kanpotarrek, Pepe euskarrian jarri zuela... Entzuten ari nintzela, pentsatu nuen neure baitan, Caparrosi hizketan ari banitzaio bezala: «Ari haiz esaten sekulako astindua eman diala Mourinhok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.