Euskal Herriko kirolariak bere baitan hartuko dituen egitura nazionala sortzeko aldarriarekin bat egin dute alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial ezberdinek, gaur Donostian egindako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez. Besteak beste, EHNE, Hiru eta LAB sindikatuek eta Aralar, Abertzaleen Batasuna eta Alternatiba alderdi politikoek babestu dituzte Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldearen (ESAIT) asmoak.
Egitura nazional hori kirol federazioa litzateke ESAITentzat. "Egun ezinbestekoa da Euskal Herriko kirol egitura horien sorrera, baita horien lorpena sustatuko duen tresna baten beharra ere. Beraz kirol arloan lehen urratsak norabide horretan eman behar ditugula aldarrikatzen dugu".
Adierazpena babestu dutenek, Euskal Herriaren eraikuntzan selekzioen ofizialtasunak duen garrantziaz jabetu dira eta horrek bultzatu ditu ESAITen aldarriari atxikimendua azaltzea. "Beharrezkoa ikusten dugu Euskal Herria aintzat hartuta eta aipatu helburuekin bat egin dugun guztion babesarekin, elkarlanean aritzeko kirol batzorde iraunkor eta ireki baten sorrera. Baina argi utzi nahi dugu batzorde horren gidaritza, kirol arloko eragileei dagokiela".
Euskal kirolariak bilduko dituen egitura sortzeko "abiapuntu" gisara "kirol munduaz gozatu eta Euskal Herria aintzat hartzen duten kirolari guztiek" Kirol Haerria ekitaldia egingo dute igande honetan, Donostiako Belodromoan, 17:30etatik aurrera.
ESAITen adierazpenari atxikimenduak
Alderdi politikoak: Aralar, Abertzaleen Batasuna, Alternatiba, Batasuna, EA eta EHA.
Gazte mugimenduak: Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak eta Iratzarri.
Sindikatuak: EHNE, Hiru eta LAB.
Eragile sozialak: Anitzak, Euskal Herriak Bere Eskola, Euskal Herrian Euskaraz, Elkartzen eta Garaipen Gernika Batzordea.
kiroLA
Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek ESAITen aldarriarekin bat egin dute
Besteak beste, EHNE, Hiru eta LAB sindikatuek eta Aralar, Abertzaleen Batasuna eta Alternatiba alderdi politikoek babestu dituzte Euskal Herriko kirolariak bere baitan hartuko dituen egitura nazionala sortzeko ESAITen asmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu