Alex Aranzabalek Eibarreko presidente kargua utzi du. Taldeko zuzendaritzaren asmoa erabakiaren berri ligaren amaieran ematea zen, baina, hainbat hedabidek atzo albistea aurreratu zutenez, administrazio kontseiluak baieztatu egin zuen. Eibarrek oraingoz ez du jendaurreko azalpenik emango, «akziodun eta abonatuei zor zaien errespetua medio», eta liga bukatu arte itxarongo du auziaren inguruko argibideak emateko. Aranzabali dagokionez, gaur hitzaldi bat eman behar du EHUk Bilbon duen Ekonomia Fakultatean, eta han ikusiko da erabakia azalduko duen.
Eibarrek aro bat itxi zuen atzo. Taldearen garai oparoenetako ikur nagusiak lema utzi du. Aranzabalen eragiteko ahalmena oso handia izan da azken urteetan, taldea Lehen Mailara igo zenetik presidente eta kudeatzaile karguak uztartu baititu —2017ko maiatzera arteko kontratua zuen—. Iragan udan desadostasun agerikoak izan zituen Eibarreko administrazio kontseiluko hainbat kiderekin, baina, hala ere, karguan jarraitu zuen. Desadostasun haren ondorio, besteak beste, eta taldeak Lehen Mailan jarraitu arren, Gaizka Garitanok entrenatzaile postua utzi zuen. Aranzabali berari eta administrazio kontseiluko kideei entzun beharko zaie ea dimisio hau eztabaida haien ondorio izan den ala ez.
Aranzabalek zazpi urte eta erdi egin ditu presidente karguan, eta 11 taldearen zuzendaritzan. 41 urteko ekonomialari eta unibertsitate irakasle ohia da Aranzabal,aski ezaguna Eibarren 2009an presidente kargua hartu zuenean. Industrian eta armagintzan sustrai sakondun familia bateko kide Jaime Barriuso zena ordezkatu zuen. Bere agintean Eibarrek urterik loriatsuenak izan ditu. Lehen laurak, 2009tik 2013ra arte, Bigarren B Mailan egin zituen, eta lauretan jokatu zuen igoera kanporaketa. 2013-14ko denboraldia Bigarren Mailan egin zuen, eta Lehen Mailara igaro zen gero. Iragan sasoian maila galdu zuen, baina, ligak Elx pilaturiko zorrengatik jaitsi zuenez, Eibarrek puntan jarraitu zuen. Sasoi honetan taldeak aurki eutsiko dio mailari matematikoki.
Eta orain, zer?
Liga amaitzean presidente berria aukeratu beharko du taldeak. Egungo zuzendaritzak 2017ra arteko agintaldia du, eta litekeena da beste hamabi kideetako batek ordezkatzea Aranzabal. Azken urteetan horrela egin izan dira presidente aldaketak, eta ez da hautagai izateko boluntario askorik izan. Taldearen ohiko bazkide batzarrak azaroan izaten dira, eta bazkideek orduan izango lukete beste aukeraketa prozesu bat abian jartzeko aukera.
Era berean, ikusi egin beharko da Aranzabalen apustuek zein bilakaera duten. Ipurua estadioaren berrikuntza prozesu handinahi baten aldekoa zen, eta behin baino gehiagotan salatu zuen erakunde publikoen babes falta. Haren ordezko izango denak du orain hitza.
Alex Aranzabalek uko egin dio Eibarreko presidente karguari
Zazpi urte eta erdi egin ditu taldeko buru. Iragan udan desadostasun agerikoak izan zituen administrazio kontseiluko hainbat kiderekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu