Fitxatu du Realak behar zuen aurrelaria: Alexander Sorloth. Alemaniako Leipzig taldetik etorri da utzita norvegiarra, eta 23 zenbakia eramango du soinean. Atzo egin zuen mediku azterketa, eta gaur goizean taldekideekin entrenatu du. Arratsaldean, Jokin Aperribay presidenteak aurrelaria aurkeztu du. Realeko presidenteak jakinarazi dio «anbizio handiko» talde batera etorri dela.
Haren ostean, aurrelariak hartu du hitza. Talde donostiarrak dituen helburuengatik borrokatzeko «anbizio handiarekin» etorri dela azpimarratu du. Horretaz gain, zirrara erakutsi du Realaren jokatzeko moduaz: «Realaren jokatzeko modua gustatzen zait; atzeko lerro sendoa du, maila handiko jokalariak ditu, eta talde gaztea da».
Realeko jokalariez ez ezik, bere bertuteez ere aritu da, eta jokalari «altua» dela nabarmendu du. Izan ere, 1,83 metro garai da. Goleko paseak ematea ere «gustatzen» zaiola gehitu du. Alexander Isakekin batera jokatzeko aukera ere badagoela azpimarratu du: «Bateragarriak izan gaitezke». Gainera, larunbateko partidan jokatzeko moduan egongo dela esan du norvegiarrak; betiere, Imanol Aguacilek hala nahi badu.
Realeko kirol zuzendaritzak hainbat buruhauste izan ditu udara honetan erdiko aurrelariaren postuan. Batetik, denboraldiaurrearen hasieran Carlos Fernandezek aurreko lotailuan haustura izan zuen, eta, bestetik, William Joseri beste talde bat bilatzen aritu dira, eta azkenean, lortu dute: Betisera joan da utzita, denboraldi baterako. Azkenik, Jon Bautista zen beste aukeretako bat, baina Imanolek ez zuen konfiantzarik harengan. Gaur egin du ofizial Leganesek Bautistaren fitxaketa. Asier Garitano dago entrenatzaile Leganesen, eta prestatzaile bergararrak nahi zuen taldean. Beraz, denboraldi honetan, Jon Bautista Bigarren Mailan ariko da Realak utzita.