Alexandre Leaute txirrindularia uzta oparoa biltzen ari da Tokion jokatzen ari diren Paralinpiar Jokoetan. Atzo urrezko domina irabazi zuen C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkakoan, eta gaur zilarrezko domina kolkoratu du Ahurtin bizi den Frantziako selekzioko pistardak. Li Zhangyuk (Txina) irabazi du urrea, eta Jaco van Gassek (Erresuma Batua) brontzea.
20 urte ditu Leautek, eta aurrenekoz parte hartzen ari dira Paralinpiar Jokoetan. Baionako Urt Velo 64 taldeko kidea da. Munduko paralinpiar txirrindulari entzutetsuenetako bat da Leaute, eta esan daiteke gaur aurreikuspenak betetzen ari dela Tokion. Gainera, errepidean ere puntako txirrindularia da. 2019an errepideko Munduko Txapelketa irabazi zuen, eta aurten, joan den ekainean, gauza bera egin zuen Cascaisen (Portugal). Erlojupekoan ere nagusitu zen aurtengo aldian.
Paralinpiar Jokoak abuztuaren 24an hasi ziren, eta irailaren 5era arte izango dira. Guztira hogei euskal kirolari lehiatuko dira.