Alonso: «Baskonia da zuzendu dudan klubik handiena»

Entrenatzaileak adierazi du joko antolatzaileak fitxatzea dela lehentasuna. Josean Kerejetak «ziklo luze baten hasiera» izatea espero du

2016ko uztailaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sito Alonso Laboral Kutxa Baskoniako entrenatzaile berria handinahi azaldu da haren aurkezpenean: «Baskonia da orain arte zuzendu dudan klubik handiena». Harekin batera, Josean Kerejeta presidentea egon da, eta taldearen egoera eta erabakiak azaldu dituzte bien artean. Teknikariak bi urteko kontratua sinatu du Gasteizko taldearekin.

«Nahiago dut ongi dagoen talde batera iritsi, erronka handiagoa baita». Hala uxatu nahi izan ditu Sito Alonsok datorren sasoiaren inguruan egon daitezkeen beldurrak. Bere estiloari eusteko intentzioa duela ere argitu du: «Kantxaren bi aldeetan jokatuko duen talde alaia sortu nahi dut». Defentsa, intentsitate fisikoa eta hiruko jaurtiketa izango dira taldearen zigiluak. Gaineratu du lehenik joko antolatzaileak zeintzuk izango diren lotu nahi duela, «horrek erabakitzen baitu taldearen jokoa zein izango den». Bestalde, jakinarazi du Oscar Latak jarraituko duela haren laguntzaile lanetan.

Kerejetak ere hartu du hitza, eta gogoratu du iragan sasoia «oso ona» izan zela, baina etorkizunera begiratzeko garaia dela. «Lehiakorrak izan behar dugu urtero, beti onenekin egonez». Talde «aberatsen» kontra lehiatzeko beste argudio batzuk behar direla uste du Kerejetak, eta Sito Alonsoren «esperientzia eta proiekzioa kontuan izanik», taldeari argudio horiek eman diezazkiokeela uste du: «Espero dut hasten den hau ziklo luze bat izatea». Beste gaien artean, argitu du babesle nagusia lotzeko lanetan dabiltzala oraindik, eta, «zalantzarik gabe», uste baino lehen Gasteizen Euroligako Lauko Final bat jokatuko dela.

Laboral Kutxak jokalari ugari galdu ditu, eta beste behin ere taldea guztiz eraberritu beharko du. Esaterako, Davis Bertans letoniarrak atzo eten zuen kontratua NBAra joateko. «Normala da sasoi on baten ondoren jokalarien balioa handitzea», azaldu du Kerejetak. Halere, gaur egun kontratua duten jokalariek taldean jarraitzea espero du. Xengelia, Tillie, Blazic, Diop, Hanga eta Voigtmann daude egoera horretan.

Causeurri, berriz, bukatu zitzaion, baina taldeak berritu eginnahi dio.«Gure eskaintza badauka, eta laster bilduko naiz haren ordezkariarekin», aurreratu du presidenteak. Bestalde, jakinarazi du «posiblea» dela Rafa Luz joko antolatzaile brasildarra taldera iristea. Horrez gain, Sito Alonsok argitu du ez dutela interesik Marko Todorovic fitxatzeko, eta Bilbo Basketetik ez dutela «inor ekarri nahi». Entrenatzaileak argitu nahi izan du ez duela aldatu Bilbo Basket Baskoniagatik: «Nire aurreko taldea duela hilabete eta erdi utzi nuen, eta aukera bikain hau ondoren heldu zait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.