Lau t'erdiko txapelketak hamabi pilotari eta hutsune handiak izango ditu aurten. Pilotari gutxiagok parte hartuko zutela jakina zen, baita txapelketa sistema ere, baina xehetasun batzuk argitzeko aurkezpenera itxaron behar zen. Esaterako, nork beteko zuen Irujok utziriko zerrendaburu hutsunea, bada Jokin Altuna izango da. Mikel Urrutikoetxea iazko txapeldunarekin batera egongo da final-laurdenetako multzoan. Beste multzoan Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea daude aurkari zain.
Aurretik baina final-zortzirenak jokatu behar dira, zozketa bidez erabakitakoak. Aurrenekoa urriaren 7an jokatuko da, Bergaran, Iker irribarria eta Aspeko atarikoaren irabazlearen aurka. Atarikoak bi partida ditu. Lehenbizi Aitor Mendizabalek eta Jon Jaunarenak jokatuko dute bihar Oñatin, eta hango irabazlea Erik Jakaren aurka ariko da.
Bigarren final-zortzirena Tolosan izango da, urriaren 8an, Victor Esteban eta Alvaro Untoriaren artean. Untoria da ezustekorik handiena, eta, bide batez, atzelari bakarra. Lehen final-zortziren hauetako irabazleak Altuna eta Urrutikoetxearen multzora joango dira.
Beste bi final-zortzirenak Bartzelonan, 8an, eta Lekunberrin, 9an, jokatuko dira. Bartzelonan Julen Retegik eta Gorka Estebanek jokatuko dute; Lekunberrin, aldiz, Joseba Ezkurdiak eta Iker Arretxek. Bi aurrelariek askotan jokatu dute elkarren aurka txapelketan.
Ligaxka urriaren 16tik 30erako asteburuetan jokatuko da, finalerdiak azaroaren 11koan eta finala hil bereko 27an. Beharko balitz astebetez atzeratzeko aukera legoke.