ALTUNA III.A 22-9 ETXEBERRIA

Altuna, izarren pare

Jokoaren irakurketa egokia eginda, Jokin Altunak erraz gainditu du Peio Etxeberria, eta laugarren txapela eskuratu du lau t'erdian. Zenbaki horiekin, Julian Retegiren pare jarri da amezketarra, eta soilik Aimar Olaizola du gainetik, zazpi txapelekin.

Jokin Altuna
Altuna, finala irabazi ostean. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2023ko azaroaren 19a
21:45
Entzun

Gaizki ohituta ziren pilotazaleak aspaldian, ia final gehienetan emaitza ezin estuagoak izaten ari baitziren azken boladan. Urrutira joan gabe, lau t'erdiko azken bi finalak 22 eta 21 bukatuak ziren. Nola ez, pilotaren inguruak emozioa eta joko ona nahi zuen gaurko lau t'erdiko finalerako ere, baina ez bata eta ez bestea ez dira agertu Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Hasi eta buka, Jokin Altuna jaun eta jabe izan da, eta pronostikoek uste baino askoz errazago irabazi dio Peio Etxeberriari: 22 eta 9.

Goi mailan lehen finala izaki, oso urduri eta presioak gain hartuta jokatu du Etxeberriak, eta ez du bere erdirik ere eman. Konfiantza galduta eta presaka jardun du pilotan, eta opari guztiak ezin hobeki baliatu ditu Altuna III.ak txapela buru gainera eramateko. Ohi bezala, jokoaren irakurketa egokia egin du, eta taktikoki fin aritzea eta kantxari itsatsita egotea aski izan ditu hogeita bira heltzeko. «Urte askotan txapelketa bikaina osatu eta finala galtzea egokitu zait; aurten, berriz, alderantziz izan da, bidean izugarri sufritu ondoren finalean tokatu zait egunik onena, eta oso pozik nago. Final erosoa izan dudala esango nuke», adierazi du Altuna III.ak. Baditu pozik egoteko motiboak, soilik 27 urterekin hamahirugarren finala jokatu baitu, eta zazpigarren txapela eskuratu, laugarrena lau t'erdian. Hala, Julian Retegiren marka berdindu du, eta soilik Aimar Olaizola dauka gainetik, zazpi txapelekin, kaiolan, beti ere. 

Finala hasterako hautsi da. Izugarri hautsi ere. Lehen hiru pilotakadek hiru tanto eman dizkiete amezketarrari, sakez, eta olatu hori baliatuta, aise eta azkar lortu du aldea markagailuan: 6-2, 9-3 eta 12-3. Tanto gogorrik ere ez da izan bolada horretan, eta Etxeberria bere onetik irtenda ibili da kantxan, burua apur bat galduta. Lehenik eta behin, sakeak erantzun ezinda ibili da, nahiz eta txapelketa osoan pilotaririk onena izan zeregin horretan, eta gero, erasoan izan dituen aukera apurretan ere barkatu egin du. Asko barkatu, gainera. Hori bai, Altuna III.aren lanari ez dago meriturik kentzerik. Taktikoki onena dela berretsi du Aspeko magoak, ezin hobeki bilatu eta aurkitu baitio ezker eskua aurkariari. Airera joateko inolako aukerarik ez dio eman Etxeberriari, eta erabat behartu du eskuinez lan egitera. Bada, ezinean ibili da nafarra. Pare bat tanto on egin ditu, baina sakea izan duenetan ere erreakziorako gaitasunik ez du agertu. «Etxeberriaren hutsek asko izan dute nire meritutik. Partida ongi prestatuta ekarri dugu etxetik, eta gure helburua zen bere eskuina bilatzea. Bikain asmatu dugu, eta horrek bideratu digu garaipena», adierazi du Altuna III.ak. 

Bere txarrean, lehen atsedenaldi luzean 12 eta 3 atzetik izanda ere, albisterik onena zera zuen Etxeberriak: garaiz zegoela egoera iraultzeko. Ordea, egun traketsa egokitu zaio benetan. Nahi eta ezin ibili da, eta apenas orduerdian 17-4 aurretik zen Altuna III.a. Tanto horretan, gainera, datu nabarmen bat gertatu da, orduantxe izan baitu txapeldunak jokoan egindako lehen tantoa. Txokoan eginiko dejada bati esker egindako lehena lortu du amezketarrak. Besteak beste, horrek adierazten du ordurako zenbat pilota zituen galduak Etxeberriak. Partida osoan hamabost pilota galdu ditu, eraman gabe utzitako sakeez gain, noski. Nafarrari lagundu nahi izan dio Andoni Gaskue aholku emaileak tentsioa gorputzetik aldentzen eta gutxienez emaitza txukuntzen, baina ez du helburua lortu. Finaleko bigarren atsedenaldi luzean 18 eta 6 zegoen markagailua. 

Altunaren sustoa

Lau tanto besterik ez zituen falta txapeldunak laugarren txapela janzteko, baina garaipen errazik ez dela izaten esan ohi du esaerak. Bada, Altuna III.ari ere tokatu zaio sufritzea. Izan ere, 19-7koan kolpe galanta hartu du berriro ezker sorbaldan, eta aldageletarako bidea hartu beste erremdiorik ez du izan. Kolpea besterik ez da izan, baina minez jardun du partida amaieran. Bolada horretan bizpahiru tanto eder egin ditu Etxeberriak, eta gutxienez bere jarraitzaileak zutik jartzea lortu du. Dena den, ez du erreakzio handiagorako gaitasunik izan, eta azkenean Altunak arazorik gabe irabazi du: 22 eta 9. Beste egun askotako inspirazio eta etorririk gabe jokatu du txapeldunak, baina horretarako beharrik ere ez du izan, eta bere lana ezin hobeki eginda, merezita igo da podiumaren gorenera. Etxeberriak eta Jon Ander Peñak osatu dute podiuma. 

Garaipen eta txapelekin ohituta egon arren, hunkituta agertu da Altuna III.a partida amaieran, eta gogoan izan ditu inguruko guztiak. «Ez nuke pertsona bakar bat gogoan hartu nahi, Une zail guztietan familiakoak eta lagunak ondoan izaten ditut, baina egia da txapelketa honetan medikuarekin eta masaje emaileekin inoiz baino ordu gehiago sartu ditudala. Horregatik, haientzat ere bada txapela». Orain ezker sorbalda ongi osatzea du helburu amezketarrak. «Txapelei ez diet begiratzen, eta egiten ari naizen bidearekin harro nago. Horregatik, lanean jarraitu eta lesiotik osatzea dut helburu bakarra orain». 

Atseden hartzeko betarik gabe, datorren ostiralean binakako txapelketa abiatuko da Azkoitin (Gipuzkoa), eta etzi egingo dute aurkezpen ekitaldia. Altuna III.a bera ere ekitaldi horretan izango da, baina badirudi lehen bizpahiru jardunaldietan ez duela jokatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.