Pilota

Amaia Aldai eta Goiuri Zabaleta, aurrez aurre

Amaia Aldaik eta Goiuri Zabaletak Emakume Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko dute igandean, Durangon (12:00, ETB1). Dimoztarrak hirugarren txapela irabazi nahi du; hirugarrena jarraian. Leitzarra lehen aldiz ariko da finalean.

pelota2 1 (1)
Amaia Aldai eta Goiuri Zabaleta, atzo, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, finalaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 14a
05:10
Entzun

Amaia Aldai: «14 urte ditu Goiuri Zabaletak, eta, agian, presioak erasan egingo dio»

Amaia Aldaik (Dima, Bizkaia, 2000) neurria hartua dio lau eta erdikoari. «Modalitate honetan aritzen naiz ondoen», azaldu du. Esan, eta egin: hirugarren txapela irabaz dezake jarraian. 

Igandean jokatuko duzu finala. Zer moduz zaude?

Apur bat urduri: final bat da, eta ez gaude ohituta halakoak jokatzera. Gainera, aurkari berri bat izango dut. Pixkanaka ari naiz barneratzen hirugarrenez ariko naizela. Oso gogotsu nago.

Oraindik urduritzen zara final baten atarian?

Bai. Ez da erraza halako partidak jokatzea. Txapelduna izanik, gorriz jokatzen dut urte osoan, eta ez da erraza presioa eramatea.

Lehen helburua bete duzu: finala jokatuko duzu.

Bai, eta erakutsi dut ondo ari naizela, eta hau dela nire modalitaterik onena. Baina final batean edozer gerta daiteke: urduri aritzen zara, telebistan ematen dute, harmaila bete egiten da... eta pilota biribila da, eta partidak jokatu egin behar dira. Baina oso pozik nago egin dudan txapelketagaz.

Bi partida jokatu dituzu, eta nagusitasunez irabazi dituzu biak: 22-10 Nagore Galeanori final-laurdenetan, eta 22-3 Miriam Arrillagari finalerdietan. Sasoiko zaude. 

Bai, eta emaitza horiek konfiantza ematen didate. Oso ondo jokatu dut, eta buruz ere lan handia egin dut, presioari eusteko. Aurkariak baino gehiago izan naiz, eta partidak oso erraz joan dira; ez haiek txarto jokatu dutelako, baizik eta, batetik, nik ez diedalako euren jokoa egiten utzi, eta, bestetik, nik ondo egin dudalako nire jokoa: asmatu egin dut aurrean tantoak amaitzen, eta sakearekin min handia egin diet. Finalean horrela aritzen banaiz, txapela irabaz dezaket. Itxaropentsu nago, eta gogor borrokatuko naiz hirugarren txapela irabazteko.

Duela bi urte Arrillagari irabazi zenion finalean, eta, iaz, Olatz Arrizabalagari. Beste aurkari bat izango duzu oraingoan: Goiuri Zabaleta. Zer itxura hartzen diozu? 

Gaztea da, 14 urte ditu, eta, agian, presioak erasan egingo dio. Baliteke urduri egotea, esperientzia faltagatik. Baina pilotari oso gaitza da, aurpegi bera du partida osoan, eta dena ematen du beti. Oso ondo ari da teknikoki, eta sasoi betean dago. Gerra asko eman diezadake. Partida gogorra izango da. Garairi irabazi zion finalerdian ikusi zen zer egiteko gai den: dejada asko botatzen ditu, asko jokatzen du kontraerasoan, eta pilotari efektua ematen dio. Kontuz ibili beharko dut. Ez nago ohituta hura bezalako aurkarien kontra jokatzera. 

Zein izango da gakoa? 

Sakearekin asmatzen badut, eta aurrean zuloak sortzen baditut, nirea da finalaren erdia. Abiadura eman behar diot pilotari. Nire indarguneetako bat da hori. Hari, aldiz, kosta egiten zaio. Pilotari azpitik joaz hura frontisetik urrun mantentzen badut, helburua lortu dezaket. Ezin diot utzi pilota hiruan edo gertuago; artista da tantoa bukatzen.

Irabaziz gero, hirugarren txapela zenuke jarraian. Zerbait handia egiten ari zaren jakitun zara? 

Bai. Bi txapel jarraian irabaztea jada oso zaila zen; hori egin duen lehena naiz. Handia litzateke hirugarrena irabaztea. Zail izango da inork halakorik egitea. Oso harro nago egiten ari naizenaz.

 

Goiuri Zabaleta: «Ez dut deus galtzeko. Amaiak, ordea, bai; txapelduna da»

Lehen aldia izanik, behetik hasi zuen txapelketa Goiuri Zabaletak (Leitza, Nafarroa, 2009). Baina urratsez urrats egin du bidea, finalera iristeraino. Ezustea hartu du. «Ez nuen espero hona iristea».  

Finalerako prest zaude?

Bai. Ongi nago, lasai. Pentsatzen dut noizbait hasiko naizela urduritasuna sumatzen; beti bezala. Baina Amaiak du presioa: bera da txapelduna, eta, horren eraginez, pixka bat urdurituko da. Ea aprobetxa dezakedan. Ni ongi nago. Finalerdi gogorra jokatu nuen, eta eskuetatik pixka bat justu bukatu nuen. Atseden pixka bat hartu dut, baina berriro nago bete-betean aritzeko prest.

Zure ustez, Aldaik du presioa. Hark, ordea, esan du 14 urte dituzunez presioak erasan diezazukeela.

Nik ez dut deus galtzeko. Harrigarria litzateke 14 urterekin Amaia bezalako pilotari handi bati irabaztea. Aukera gutxi ditut, baina ditudanak aprobetxatu behar ditut. Ezustea eman nahi dut.

Jada eman duzu. Lehen aldiz jokatu duzu maila nagusiko lau eta erdikoa, eta finala jokatuko duzu. Espero zenuen halakorik?

Ez. Partidaz partida joan naiz, bakoitza nola jokatu behar nuen jakinda. Aita eta biok aritu gara lan horretan, eta ezin hobeto atera da. Leireren [Garairen] aurkako finalerdia izan da partidarik zailena. Hasieran hartu nuen abantailari esker iritsi nintzen 22ra. Hartu izan ez banu, ziurrenik Leirek emaitza irauliko zuen. Txapelketa polita egin dut. Indartsu aritu naiz, eta ezuste bat baino gehiago eman ditut. Oso gogotsu nago.

Finalera iritsita, beraz, helburua bete duzu?

Bai, bikain bete ere. Txapelketa ona egin nahi nuen, eta jendeak ikustea pixkanaka banatorrela. Finalerdietara iristea sekulakoa izan zen. Beraz, pentsa zer izan zen finalera iristea. Galdu edo irabazi, izugarri pozik egongo naiz. 

Pixkanaka bazatozela diozu. 14 urte besterik ez dituzu.

Bai, eta asko dut hobetzeko. Baina gauza onak ere baditut. Asko ari naiz entrenatzen, eta lan horren fruitua jasotzen ari naiz. Oso pozgarria da onenekin jokatzea eta ikustea nor baino nor aritu naitekeela. 

Zer itxura hartzen diozu finalari?

Amaia punta-puntako jokalaria da: indartsua da, eta airez ederki moldatzen da. Ni atzean mantentzen saiatuko da, pilotakada luzeak emanez, eta, aukera duenean, airez bukatzen.

Nola egin diezaiokezu min?

Oso lan zaila izango dut; Amaiaren nagusitasunaren pean ariko naiz ia beti. Baina nire jokoa egiten saiatu behar dut, aurrean hura aldrebesten, jokoa nahastuz, eta zuloak bilatuz; hura ez dagoen tokira bidali beharko dut pilota: eskuinean baldin badago, ezkerrera bota; eta alderantziz. Nekarazi egin behar dut. Tantoak jokatu ahala ikusiko dut nola egin diezaiokedan min. 

Zein izango da gakoa?

Ondo hasi behar dut, hura urduritzeko. Huts gutxi egin behar ditut; gutxien huts egiten duenak irabazi ohi du lau eta erdian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.