Fedea ez zuten inoiz galdu. Ilusioa sobera izan zuten. Eta lehen minututik amaiera arte, bere taldearekin harro egon ziren atzo Gasteizko Plaza Berrian bildu ziren zaleak. Galdu arren, harro. Triste, baina harro. Ilusio handia zeukaten jarria atzoko partidan zaleek, baina talde txuri-urdinak ez izan zion eutsi sortu zuen ilusioari. Lehen 40 minutuetan oraindik garaipena eskura ikusten zuten askok, neurketa berdinduta zegoelako, baina minutu gutxitan poz aurpegiak tristuran eta etsipenean bilakatu ziren. Hori bai, partidako azken momentura arte, inork ez zuen begirada kendu pantaila erraldoitik.
Bero esnatu zen goiza Gasteizen, eta egunak aurrera egin ahala gero eta gehiago berotu zen giroa. Iluntzerako, neurketa hasi zenerako, borbor zeuden zaleak. Goizean ere giro aparta izan zen hiriko erdiguneko kaleetan, eta zale ugarik motorrak berotu zituzten iluntzeko partidaren aurretik. «Gaurkoa itzela izango da, historikoa», zioen pozarren Ane Txabarrik, Eder eta June seme-alabak Plaza Berrian paratutako jolasetan zebiltzan bitartean. «Finalean egotea berez ospatzekoa da, gutxienekoa da irabaztea», erantsi zuen Eduardo Sebastianek, alboko tabernako terrazatik, garagardoa eskuan.
Urduritasuna nagusi
Une historikoa bizitzeko parada izan zuten atzo gasteiztar eta arabar askok, eta tamainako erronkari inoiz bezalako gogoarekin erantzun zioten. Plaza Berrian bost metro zabaleko pantaila erraldoi bat paratu zuten, Madrilera joaterik ez zuten zaleek norgehiagoka ahalik eta hoberen ikus zezaten, eta zaletuek saldoan erantzun zioten deialdiari. Ez baita gauza bera partida etxean ikustea edo milaka zaleak ondoan izanda egitea. Ez baita berdin bizitzen. Ezta porrota ere. Kontsolagarria baita gainerako jarraitzaileekin tristura konpartitzea.
Festaren epizentroa Madrilen izanda ere,jendetza batu zen plazan, goizetik hasitan. Familiak, gazteak eta umeak bildu ziren bereziki. Partida hasi baino dezente lehenago zeuden bertan, tabernetako terrazetan, tragoak hartzen. Ordubete lehenago lepo zegoen plaza. Animoz eta ilusioz gainezka. Baina bazuten bestelako sentimendua gorputzetan: urduritasuna. «Lehen aldia da Kopako finala jokatzen dugula, urduri ez dagoena gezurretan ari da». Unai Fernandez de Argomaniz gazteak ongi laburbildu zuen zale gehienen sentimendua.
Espainiako ereserkia ere isilarazi zuten plazan bildutakoek txistuekin. Partida hasi zenean lehertu zen festa. Lehen minutua igarota Bartzelonak baloia galdu zuenean gora egin zuten zaleek, txaloka. Eta horrela aritu ziren Alaveseko jokalariak erasoan ari ziren bakoitzean. «Uyyyyyyy!!!» ozen bat entzun zen Ibai Gomezek ia gola sartu zuenean. Eskuak burura eraman zuten guztiek, sinistu ezinik.
Messiren lehen golak ekarri zuen isiltasuna une batez. Baita etsipenaere: «Esan dizut aita Messik sartuko zuela!», esan zuen, amorratuta, mutil batek. Hiru minutuan itzuli ziren algarak eta garrasiak Theo Hernandezek gola sartu zuenean. Eromena lehertu zen plazan. Baina hortik aurrera, ordea, berriro isiltasuna, Bartzelonak golak sartu ahala. Bigarren denboran tentsioa nagusitu zen, baina neurketak aurrera egin ahala itxaropena apalduz joan zen. Partida galduta ere, euren taldeak erakutsitako mailarekin harro joan ziren etxera zale gehienak.
Futbola. Espainiako Kopako finala
Amaiera arte, harro
Gasteizko kaleak ilusioz bete dituzte Alavesen zaleak partida hasi aurretik. Azken minutura arte sinistu arren, Bartzelonaren golek isilik utzi dituzte Plaza Berrian neurketa ikustera bildutako milaka lagunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu