Finalaurrekoa tanto bakarrera izan dute gaur Jokin Altunak eta Jon Mariezkurrenak Eibarko Astelena pilotalekuan. Ez dute, ordea, neurketa errematatzen asmatu, eta datorren astera arte itxaron beharko da Binakako Txapelketa nagusiko finalaurrekoetara zuzenean zer bikote sailkatuko diren jakiteko. Peñak eta Albisuk, gaurko irabazleek, berriz, txartela eskuratzeko datorren astean irabaztea besterik ez dute beharko.
Neurketa bikaina jokatu dute bi bikoteek, eta erakutsi dute sasoi betean daudela. Batez ere hasieran, berebizikoa izan da partidaren abiadura, eta ia neurketa osoan aurretik joan dira Altuna eta Mariezkurrena. Amezketako aurrelariak ez du huts bakar bat ere egin neurketa osoan, azken tantoetara arte; bi pilota huts egin ditu 22ra iristeko tanto bakarra falta zitzaienean, eta azkenean erabakigarriak izan dira.
Jardunaldiko azken neurketa bihar jokatuko da Zumaian (Gipuzkoa): Olaizola II.a-Rezusta eta Ezkurdia-Ladis Galarza izango dira aurrez aurre. Ezkurdiak eta Galarzak galtzen badute, automatikoki sailkatuko dira Jaka eta Martija.
Sailkapena
1. Elezkano-Zabaleta, 10 puntu
2. Peña II.a-Albisu, 9
3. Altuna-Mariezkurrena, 8
4. Olaizola II.a-Rezusta, 6
5. Jaka-Martija, 5
6. Ezkurdia-Galarza, 5
7. Urrutikoetxea-Imaz, 5
8. Artola-Aranguren, 3