Kito. Amaitu da Espainiako Kopako ametsa Portugaleterentzat. Lehen kanporaketan Extremadurari gailendu ostean, 0-3 galdu du gaur Betisen aurka. Bizkaitarrek ezustekoa emateko ilusioa zuten, baina ez da posible izan. Ezer gutxi lepora dakieke, onena eman baitute. Ahalegin betean aritu dira, eta ia amaierara arte eutsi diote itxaropenari. Ordea, hiru maila goragoko talde bat izan dute aurrean, eta Betisek serio hartu du lehia. Rubik titularrez betetako hamaikakoa atera du, eta jokalariek ondo ulertu dute mezua: ligako partida bat balitz bezala jokatu behar zuten.
Hala, aukera gutxi eman diote Portugaleteri. Edonola ere, etxekoek beren momentuak izan dituzte. Esaterako, neurketaren hastapenean. Lehia handia zen etxekoentzat, eta jokalariak grina handiz zelairatu dira. Ahalik eta lasterren sartu nahi izan dute lehen gola. Ordea, Betis baloiaren jabe egin da, eta, orduan, lerroak atzeratu egin dituzte bizkaitarrek. Harresia 24. minutuan puskatu da, Alex Morenok boleaz egindako gol ikusgarriarekin.
Alta, Portugaletek ez du amore eman, eta gertu izan du berdinketa, 35. minutuan: Joelen aurrean bakarrik gelditu da Alberto Gomez, baina gehiegi gurutzatu du jaurtiketa. Hainbat korner ere izan dituzte banakoa egiteko, baina ez dituzte baliatu. Bai, ordea, Betisek, 48. minutuan, Lorenek. Etxekoak ez dira amildu, eta neurketan sartuta jarraitu dute, harik eta 89. minutuan Joaquinek 0-3koa egin duen arte. Kopatik at gelditu arren, harro egon daiteke Portugalete, bere esku zegoen guztia egin baitu.