Amaitu da Vuelta

Chris Froomen erasoari eroso eutsi ondoren, Alberto Contadorrek irabazi du La Farraponan amaitu den etapa, eta lidergoa sendotu du

Alberto Contador, La Farraponako helmugara iristen, atzo. JAVIER LIZON / EFE.
unai zubeldia
2014ko irailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kirol prestatzaileek erabat serio aztertu beharko dute hiru asteko itzuli bati aurre egiteko prestaketarik onena zein den. Dauphinen aurrean ibiltzen denak sufritu egiten du gero Tourrean. Giroan lehiatzen denak lanak izaten ditu gero Tourrean edo Vueltan ondo-ondo aritzeko. Vuelta bete-betean lehiatuta ezin gero Munduko Txapelketara fresko iritsi... Onena? Hondartzan etzanda egotea edo hilabete eskas lehenago tibia haustea. Bi adibide, behintzat, badaudelako. Alberto Contadorrenak (Tinkoff-Saxo) biak. Haren hitzetan, «hondartzan etzanda» egon ondoren Giroa irabazi zuen 2008an. Eta, Tourrean tibia hautsi eta bi hilabete eskasera, esku-eskura dauka Vuelta irabaztea.

Alejandro Valverderen (Movistar) erritmo aldaketekin sufritu egingo zuela; Joaquim Rodriguezek (Katuxa) aldaparen batean lehertuko zuela; bete-betean ez zegoela... Zalantza bat baino gehiago sortu du Contadorrek, eta herenegun are gehiago indartu ziren zalantza horiek Covadongako aintziretan, azken esprintean, Valverde eta Rodriguezekiko segundo batzuk galdu zituenean. Atzo, ordea, nagusitasun handiarekin, ia erabakita utzi zuen Vuelta. Skyri eta Chris Froomeri berari erantzun zien lehenengo, eta gozatu egin zuen gero. Etapa eta lidergo sendoa.

Ihesaldian, mutur-joka

Desberdin joan zen atzoko etapa. Tinkoff, Movistar, Katuxa... Kolore horiek izan ditu, orain artean, tropel buruak, baina, 40 kilometro falta zirela agertu, eta Skyk muturreraino eraman zuen sufrimendua. Hamahiru txirrindulariko ihesaldia zihoan aurrean —tartean ziren Peio Bilbao (Caja Rural) eta Romain Sicard (Europcar)—, hiru minuturen aldearekin. Boxeo pixka bat aurrean —mutur-joka ibili ziren Gianluca Brambilla eta Ivan Rovny (Tinkoff), eta epaileek lasterketatik kanpo utzi zituzten biak—, erritmo bizia atzean, eta amaiera, jakina.

Aurrean Alessandro De Marchi (Cannondale) erritmo onean, eta atzean Mikel Nieve Froomen erasoa prestatzen. Lan ona egin zuen leitzarrak, eta, lau kilometro falta zirela, Contador soilik izan zen gai britainiarraren erritmo aldaketari erantzuteko. Froome eta Contador aurrean, eta Valverde, Rodriguez eta Fabio Aru (Astana) arnasestuka. 700 metro falta zirela jo zuen erasoa Contadorrek, eta kito, hortxe amaitu zen Vuelta. 1.36 minutura geratu da orain Valverde, 1.39ra Froome, 2.29ra Rodriguez, eta 3.38ra Fabio Aru (Astana). Osasun arazoekin dabil Rigoberto Uran (Omega), eta 15.46 minutu galdu zituen atzo. Bi amaiera gogor eta azken erlojupekoa daude oraindik Vueltan, baina Contador bera da, gaur-gaurkoz, tropeleko txirrindularirik indartsuena. Galiziarako bidean, bigarren atseden eguna izango du gaur lasterketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.