Aner Etxart. Hondarribia B-ko entrenatzailea

«Amestutako eguna izan zen etxeko estropadan igotzea»

Haren aginduetara lortu du Hondarribia B-k KAE 1 ligara igotzea, sasoi bikaina egin, eta KAE 2 liga irabazi eta gero. Lehen urtea izan du hau entrenatzaile lanetan Hondarribiko arraunlari ohiak.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2015eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hondarribia Arraun Elkarteko zuzendaritzak Aner Etxart (Lezo, Gipuzkoa, 1983) aukeratu zuen B traineruko entrenatzaile izateko aurtengo denboraldian. «Ezustea izan zen», gogoratu du berak. Iaz arte Hondarribiko arraunlari izandakoak onartu egin zuen erronka, eta ez zaie damutu bi aldeei. Izan ere, KAE 2 liga irabazi, eta mailaz igo da Etxarten taldea. Pozik dago, nola ez, eta batek jakin, baina, agian, entrenatzaile ibilbide arrakastatsu baten lehen pausoa izan da aurtengoa.

Ezustea izan da Hondarribia B-k irabaztea KAE 2 liga?

Neguan, ikusi genuen trainerua azkar zihoala, eta gai izango zela udan estropada politak egiteko. Liga irabaztea ez genuen espero, gauzak garbi esanda, aurkari sendoak geneuzkalako, eta horietako batzuk igotzeko asmoarekin, gainera. Castro, esaterako, asko indartu da aurten, eta bagenekien aurkari handia izango zela.

Zuen asmo nagusia arraunlariak haztea da, ezta?

Gure asmoa hori da, eta jendeak arraun egitea, esperientzia hartzea; arraunlariak sortzea, azken batean. A ontzira eman behar duten jauzia ahalik eta txikiena izatea da gure lanaren funtsa.

A ontzira jauzia emateko, hobe al da KAE 1 ligan lehiatzea?

Ez dauka garrantzi handirik zein mailatan lehiatzen zaren. Klubean arraun kultura edo filosofia bera ezarria badago, eta horren gainean egiten bada lan, mailak ez dauka garrantzirik. Filosofia bakarra eta bera egonda klub osoan, A ontzirako jauzia ez da hain handia izaten.

Arraunketa ere berdina duzue klubeko bi talde nagusiek?

Arraunketa berdintsua dugu, bai. Neguan, batera egiten ditugu entrenamenduak. Saiatzen gara haien alboan eusten ahalik eta minutu gehien, eta ona da hori, arraunlari gazteentzat eskola ona da.

Talde gaztea izango da zurea?

Bai. Oso gaztea. Iazko taldetik, zazpi hutsune izan genituen, eta patroia arraunlari berrietako bat izan da; 17 urtekoa, eta lehen urtea arraunean. Neguan, lan handia egin du, eta maila ona eman digu udan. Bestela, gazte kategoriako pare bat izan ditugu, beste lau bigarren urtekoak, eta tankera horretako jendea izan dugu gehienean. 33 urteko beteranoa ere eduki dugu, baina arraun egiten duen bigarren denboraldia izan du hau.

Zuk zeuk arraunean egin duzu?

Ez. Kanpotik ibili naiz nire lana egiten.

Entrenatzaileak kanpotik hobeto ikusten ditu gauzak?

Barruan ere joan izan naiz entrenamendu batzuetan, ontzia nola zihoan ikusteko, eta ondo etorri zait hori egitea.

Aurtengo Ligaren bilakaera nolakoa izan da zuen aldetik?

Indartsu hasi ginen, eta aurreneko estropada irabazi egin genuen. Gero, hirugarren egin genuen asteburu batzuetan, eta horrek eraman gintuen atzera pixka bat sailkapenean. Arraunlari guztiei eman diegu aukera, baina gu ez gara A ontzia bezalakoa: gurean, aldaketak antzeman egiten dira, normala den bezala, zailtzen ari diren arraunlariak daudelako. Azkeneko hilabetean zehaztu dugu taldearen bizkarrezurra, eta hor lortu dugu Liga irabaztea.

Noiz konturatu zinen Liga irabazteko gai zinetela?

Duela hilabete edo izan zen. Saiatuz gero Liga irabazteko aukera genuela ikusi genuen, eta, azkeneko sei estropadetan, horretara joan gara. Castrori aldea kendu diogu aldi horretan, eta, azkenean, aurrea hartu diogu.

Azkeneko egunean erabaki zen dena.

Bai. Puntuz puntu joan gara Castrori aldea kentzen, eta azkeneko egunean hartu diegu aurrea. Bukaera arte ibili gara lehian.

Non lortuko Liga irabaztea eta mailaz igotzea, eta etxeko estropadan.

Sekulakoa izan zen, ikaragarria. Amestutako eguna izan zen guretzat. Handia izan zen etxeko estropada eta Liga zaleen aurrean jokoan egotea. Ondo atera zen azkenean, baina ez genuen gure estropadarik onena egin. Urduri geunden, tentsio handia zegoen, baina bihotzarekin aurrera atera zuten egoera arraunlariek.

KAE 1 ligara igotzeko kanporaketa jokatuko dute Castrok, San Pedro B-k eta Elantxobek asteburuan. Zer gertatuko da?

Ikusita nola ibili den Elantxobe KAE 1 ligan, Castro da faborito argia, eta San Pedro B bigarren lekua lortzeko hautagaia. Bakarra igoko da hasiera batean, baina Galiziako ontzi bat San Miguel ligatik jaisten bada, bi igo daitezke. Meira Liga nagusitik jaitsi egingo dela ikusita, kanporaketako bigarren sailkatuak aukerak izan ditzake KAE 1era igotzeko.

Entrenatzaile izateko nahia etxetik datorkizu, aita ere ibilia delako zeregin horretan?

Ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten, baina aukera parean tokatu zitzaidan, eta baiezkoa eman nuen. Ikusi nuen erronka aurrera eramateko gai izango nintzela, eta gustura ibili naiz. Asko lagundu dit klubak, lasaitasun handiz egin dudalako lan eta batere presiorik ez didatelako jarri. Horrela lan egitea gauza handia da.

Entrenatzaile ibilbide baten hasiera da hau?

Ez dakit. Hori ez dago esaterik. Orain, oporrak hartuko ditut, eta gero ikusiko dugu zer egin datorren denboraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.