Eider Rubio. Bera Berako jokalaria

«Ametsa dirudi, hain da ederra dena»

Bera Berarekin denboraldiko hiru tituluak irabazita hartuko du erretiroa. 36 urterekin eta bizitza erdia maila nagusian aritu ostean iritsi zaio uzteko unea. Gorputzak «nahikoa da» esan dio.

Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Liga irabazi ondorengo ospakizunekin gozatzen ari da Eider Rubio. Ez du pentsatu nahi gehiago jokatuko ez duenik. Lortutakoa taldekideekin partekatzea besterik ez du buruan. Baina aitortu du «ametsetan ere ez» zitzaiola bururatuko erretiroa hartzeko modu hoberik.

Zer moduz doaz ospakizunak?

Oso ondo. Gozatzen ari gara, inoiz ez bezala. Hainbat titulu irabazitakoak gara, baina liga bat irabaztea goia jotzea da. Gainera, sasoia ahaztezina izan da. Hiru titulu irabazi ditugu. Historikoa da.

Ospakizuna bestelakoa izaten ari da? Amaitu da zure kirol ibilbidea.

Egia esan, orain uneaz gozatzen ari naiz. Handia da lortu duguna, eta hori taldekideekin ospatzea besterik ez dut buruan orain. Hilabete barru-edo, hau dena apaltzen denean, hasiko naiz pentsatzen ez dudala gehiago jokatuko.

Tituluaren euforian ez zaizu burutik pasatu iritziz aldatzea?

Ez, inondik inora. Azkeneko bi urteak oso gogorrak izan dira. Arazo fisiko dezente izan ditut, eta nahi baino gehiago sufritu dut. Gorputzak nahikoa dela esan dit. Aurreko bi denboraldiak bukatuta ere uztear egon nintzen, baina gero jarraitzea erabaki nuen. Baina, kito, amaitu da. Neke handia dut pilatua.

Ez da harritzekoa, bizitza erdia daramazu maila nagusian jokatzen. 18 urterekin egin zenuen debuta, eta 36 urterekin hartuko duzu erretiroa. Gogorra izan da horrenbeste urtez punta-puntan aritzea?

Bai, baina polita ere izan da. Sakrifizio ugari egin ditut, baina nire lana izan da eskubaloia, lana eta pasioa. Ez nuen espero horren ibilbide luzea egingo nuenik, baina zortea izan dut horrenbeste eskubaloiaz bizi ahal izatea.

Gogoratzen zara maila nagusian debuta egin zenuen egunaz?

Bai. 18 urte nituen, eta ilusio izugarria. Lehen urteak Hernanin, Bidebietan eta Bera Beran jokatutakoak oso politak izan ziren. Dena zen berria niretzat, eta ikasteko irrikan nengoen. Pistan minutu bakar bat egotea jada zerbait handia zen niretzat.

Baina dena ez zen polita izan. Arazo asko izan zenituen lesioekin. Horregatik utzi zenuen Bera Bera.

Gogorra izan zen, denbora dezente egon nintzelako min hartuta. Castrora joan nintzen, maila bat beherago batean jokatzera. Batzuetan atzera egin behar da aurrera egiteko indarra hartzeko, eta uste dut nik hori egin nuela Castron. Beste erritmo bat zen, lasaiagoa, presio gutxiagorekin. Ikasteko astia ere izan nuen. Aldaketak on egin zidan.

Castrotik Kataluniara joan zinen, mailaz igo berri zen Arrihonda taldera. Eta hortik, Saguntera, eta gero, Eldara. Maleta erraz egiten duen horietakoa zara?

Bai, eta uste dut on egiten duela kanpora joateak, beste esperientzia batzuk bizitzeak... Nik, adibidez, Arrihondarekin maila galdu nuen, eta bi urte geroago, Saguntekin, liga irabazi. Esperientzia guztietatik ikasten da zerbait.

Saguntekin irabazitako lehen liga horrek ala Bera Berarekin irabazi berri duzunak. Zeinek egin dizu ilusio gehiago?

Beti da bereziagoa zure talde kutunenarekin liga irabaztea.

Etxera itzultzeak ilusio handia egin zizun?

Izugarri. Kanpoan nengoenean beti esaten nuen nire taldea Bera Bera zela. Hona etorri nintzenerako 30 urte nituen jada, eta uste nuen bizpahiru urtez soilik egongo nintzela. Eta sei egin ditut.

Zaila da erretiroa hartzeko modu hoberik topatzea.

Bai. Ametsa dirudi, hain da ederra dena.

Reyes Carrere taldekide eta entrenatzaile izan duzu, eta elkarrekin esan duzue agur. Kasualitatea?

Bai, baina egia da Reyes oso garrantzitsua izan dela nire kirol ibilbidean.

Eta orain, zer? Zer egiteko asmoa duzu?

Oporrak hartu, eta atseden hartu.

Eta gero?

Ez dakit. Ez da egoera onena lana topatzeko.

Eskubaloiari lotutako zerbait?

Ez da hori asmoa. Zerbait ezberdina egin nahiko nuke. Iaz haur eskola batean egon nintzen praktikak egiten, eta oso gustura aritu nintzen. Ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.