Ametsaren hurrengoa

Urko Verak nahikoa izan ditu 53 minutu Lehen Mailan aurreneko gola sartzeko. Haren dohainak nabarmendu dituzte Jon Orbegozok eta Zuhaitz Gurrutxagak, Lemoan taldekide izan zituenek.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Getaferen kontra berdintzeak ez du aparteko ilusiorik sortzen. Partida bat baino ez da. Baina luzapeneko azken segundotan sartutako gol bati esker eskuratutako puntua denean, ahozapore gozoa izaten du. Gainera, Europan sartzea pixka bat gertuago dauka orain Athleticek. Hala ere, momentuko poza baino ez da. Jokalari zuri-gorri gehienek azkar ahaztuko dute Alfonso Perez estadioan jokatu zuten norgehiagoka. Askok ahaztuta izango dute jada. Guztiek ez, ordea. Urko Verak ez baitu sekula ahaztuko (Barakaldo, Bizkaia, 1987). Bere kirol ibilbideko unerik garrantzitsuenen artean gordeko du Getafen jokatutako partida—Jose Miguel Gonzalez Michel-ek zuzentzen duen taldeak hura fitxatzeko interesa azaldu zuen neguko merkatuan—. Aurrelari bizkaitar batentzat elastiko zuri-gorriarekin jokatzea baino gauza garrantzitsuago bat baitago: Athleticekin golak sartzea. «Urko mutil ikaragarria da. Athleticeko zale sutsua da. Izugarri bizi du Athletic». Oscar de Marcosek esandakoak argi eta garbi erakusten du zer-nolako garrantzia duen Verarentzat elastiko zuri-gorria defendatzea.

Verak hiru partidatan minutu apur batzuk, 53 zehatzak izanda, jokatzea nahikoa izan du Lehen Mailan eta Athleticekin lehen gola sartzeko. Aurrelariaren ametsa egia bihurtzen ari dela baieztatzeko ez ezik, estatistikei begiratu bat emateko bidea ere zabaldu zuen haren golak. Batetik, denboraldion Athleticen bizkaitar batek sartu duen lehen gola izan zelako. Joaquin Caparrosek zuzendutako taldean gauzak nola dauden ikusita, ez dauka meritu handiegirik. Bestetik, Verak sasoi honetan duen konfiantzaren eta gol senaren berri ematen duelako. Aurrelariak hiru talderekin sartu baititu golak: Lemoarekin, Athletic B-rekin eta talde zuri-gorriko nagusiekin. Hamabost guztira. Bada zerbait. Lezamarako urratsa egin zuen arte taldekide zirenek Vera egiten ari denak duen meritua nabarmendu gura izan dute. «Ez dago gehiago eskatzerik. Nire ustez, sekulako meritua dauka. Izan ere, azken minutuak jokatu eta golak sartzea hasieratik arituta sartzeak baino meritu handiagoa dauka. Izugarria da egin duena», adierazi dio BERRIAri Jon Orbegozo Lemoako aurrelariak.

Athleticeko jarraitzaile guztien ahotan dago Vera. Eman dizkioten aukera guztiak baliatu ditu. Jokatu dituen norgehiagoka guztietan izan du golen bat sartzeko aukera. Sportingen aurka debutatu zuenean, aukera on bat izan zuen; Mallorcaren kontrako partidan bi aldiz egon zen Aouateren atea zulatzetik gertu; eta hirugarrenean ez zuen barkatu. Hortaz, ondo ari da betetzen bere beharra.

Dena dela, askorentzat jokalari ezezaguna da Vera. Bigarren B Maila eta Hirugarren Maila gertutik jarraitzen duten futbolzaleek baino ez dute ezagutzen. Gutxi batzuek, alegia. Beraz, Fernando Llorenteren edo Aritz Adurizen ordezkoa izan daitekeela aipatu aurretik, hobe da ondo ezagutzen dutenei argibideak eskatzea. Haren taldekide ohien esanei kasu eginez gero, Athleticeko aurrelari askok izan dituzten dohainak ditu. «Betiko erdiko aurrelaria da. Erreferentzia da taldearentzat. Urkoren dohain nagusia buruz daukan jokoa da. Halere, bizkarrez eta eskuin oinarekin ere ondo moldatzen da», dio Orbegozok.

Zuhaitz Gurrutxagak makina bat aldiz zaindu behar izan du Vera Lemoako lan saioetan. Athleticeko aurrelariak ez dituela gauza gaitzak eta ikusgarriak egingo aurreratu du Gurrutxagak. «Gauzak erraz egiten dituen futbolaria da. Baloia jaitsi, hegal batera zabaldu eta errematearen bila joaten da. Bere dohain nagusia da egiten dakiena egiten ahalegintzen dela. Ez duela asko arriskatzen, alegia». Hobetu behar duen gauzen inguruan galdetuta, berriz, ezker oinarekin duen jokoa «landu» beharko lukeela aipatu du Orbegozok.

Pazientzia izan behar du

Denbora gutxian Athleticekin debuta egin duten beste futbolari askok egin dutena baino gehiago egiteko gai izan da Bilboko Txurdinaga auzoan hazitako futbolaria. Hala ere, oraindik goiz da Lehen Mailan bide luzea egingo duen ala ez aurreratzeko. Caparrosek pazientzia eskatu zuen joan den astean. «Gure taldera egokitu behar duela uste dut. Ez da erraza Bigarren B Mailatik Lehen Mailarako urratsa egitea. Lan saioetan oso ondo ari da». Horren haritik, jokalari gazteen gabeziak zuzentze aldera Lezaman egiten dituzten lan saio bereziak baliagarriak izango dira jokalariarentzat. Athleticeko entrenatzailearen iritzi berekoak dira Lemoako jokalari biak ere. Orbegozo baikor da, baina zuhurtzia eskatu du. «Ikusiko dugu balio duen edo ez. Igo berria da. Futbolean, ailegatzea baino askoz zailagoa da mantentzea, baina nik ez nuke ezetzik esango». Aurrelarien lana gaitza izan arren, Verak aurrera egingo duela uste du Gurrutxagak, maila nagusian urteetako esperientzia izandakoak. «Balio duela uste dut. Ondo joka dezake onenen artean. Golak sartzea ez da lan samurra, eta berak erakutsi du gai dela. Harreman estua dauka golarekin. Duela gutxira arte ezinezkoa zirudien arren, Bigarren B Mailako jokalariengan ere izan daiteke konfiantza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.