ATHLETIC 3. VILA-REAL 2

Amore eman? Inoiz ez

Athleticek joko ona eta grina uztartu ditu, eta, bi goleko desabantaila iraulita, Vila-Real bigarren zatian mendean hartu du. Hala ere, Kopako kanporaketa zail dago

Xabier Etxeita eta Aritz Aduriz Athleticeko jokalariak amorru keinua egiten, atzoko partidako gol baten ondoren. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2016ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak. 0-1: Leo Baptistao (16. min); 0-2 Samuel Garcia (38. min); 1-2: Williamsek (54. min). 2-2: Adurizek (68. min.);3-2: Laportek (81. min). Epailea. Clos Gomez. Txartel horiak Athleticeko Susaetari eta Vila-realeko Marin eta Pinari. Txartel gorria, Vila-realeko Mariori, b i hori (87. min.). Bestelakoak. 32.000 ikusle San Mamesen.

Athleticeko jarraitzaileek luzaroan gogoratuko duten partida izango da atzokoa. Atzera egin eta zaleen artean iltzatuak geratu diren partidak gogoratzerakoan lagunduko du Errege Egunez eguerdiko hamabietan jokatu izanak. Eguna eta ordua bitxikeria gisa hartuko dute jarraitzaile askok. Athleticek arrazoi asko eman baitzituen Vila-Realen kontrako Kopako joanekoa lehia berezien zerrendan sartzeko. Zuri-gorriek partida handia jokatu zuten bi goleko abantaila zuen aurkari on baten aurrean partida irauli eta itzuliko lehia erabakigarrira bizirik ailegatzeko.

Lehia zirraragarria izan zen. Maila oso antzeko bi talde egon ziren aurrez-aurre. Horregatik, nahiz eta bi entrenatzaileek txandatzeak egin, hamaikako lehiakorrak zelairatu zituzten. Marcelinok zortzi futbolari aldatu zituen ligako azken partidarekin alderatuz gero. Valverdek, berriz, sei. Lekuek, Herrerinek, Iturraspek edota Muniainek hasieratik aritzeko aukera izan zuten. Bestalde, Iñaki Williams jarri zuen erdiko aurrelari lanetan. Hura izan zen onena. Bere potentzia harrigarriarekin hankaz gora jarri zuen aurkariaren atzeko lerroa.

Partidak bi zati oso ezberdin izan zituen. Lehen zatian, Vila-Realek bi gol sartu zituen, etaAthleticek hiru, atsedenaldi ostean. Talde batek eta besteak sartutako golei bakarrik erreparatzea ez litzateke justua izango Ernesto Valverden taldeak egin zuen lanarekin. Athleticek aurkariak baino gogo, jarrera, eta indar handiagoa erakutsi baitzuen ia partida guztian zehar. Ausart zelairatu zen Athletic, eta laster izan zuen lehen aukera garbia. Susaetak sakonean eman zion pasea Williamsi, eta aurrelariak ezin izan zuen Barbosa gainditu aurrez aurrekoan. Aparta izan zen atezain argentinarrak ezker eskuarekin egindako geldiketa. Bigarrena, berriz, Laportek izan zuen, baina bere burukada behartuak ez zuen aterako biderik hartu atezaina gaindituta zegoenean. Athletic aurkaria estutzen ari zen. Kornerrak atera eta atera ari zen —guztira, bederatzi, lehen zatian—, baina Vila-Realek nahikoa izan zuen jokaldi on bat aurrera hartzeko. Castillejok ezker hegaletik erdiraketa egin eta Nahuelek, area barruan, buruz pasatu zion Baptistaori. Aurrelariak ez zuen hutsik egin penalti puntutik.

Zuri-gorriei mina eman zien golak, baita Clos Gomez epailearen jarrerak ere. Gogaitu egin zituen. Hala ere, lanean jarraitu zuten. Iturraspek areaz kanpo egindako jaurtiketa batekin gertu izan zuen berdinketa, baina berriz ere atezaina agertu zen. Vila-Realek, berriz, bere eraginkortasun maila erakutsi zuen berriz. Castillejok maisuki abiarazi zuen kontraerasoa Samuk aprobetxatu zuen Herrerin gainditu eta ezkerrez gola sartzeko. 0-2 atsedenaldian eta kanporaketa erabakita zegoensentsazioa.

Baina zuri-gorriek ez dute sekula amore ematen. Grina faltarik ez dute. Bigarren zatian lanean segitu zuten, baita ereindakoa jaso ere. Williamsek ez zuen barkatu Barbosaren aurrean geratu zen bigarren aldian. Ordutik aurrera, erantsia izan zen Athletic. Valverdek Aduriz zelairatu zuen, eta gola sartzeko aukerak bata bestearen atzetik sortu zituen. Donostiarraren burukada bat, eta Raul Garciaren bi erremate oso garbiak izan ziren. Eta, azkenean,saria lortu zuten lehoiek. Adurizek binakoa sartu zuen eskuinez penalti puntutik egindako jaurtiketa baliatuz; lehia amaitzeko hamar minutu falta zirela, Laportek irauli zuen partida Beñatek jaurtitako falta bat area txikian ia angelu barik sareetara bidalita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.