Anabasa ez da hainbestekoa orain

Emakumeen Traineru Elkartea formalki osatzeko burokrazia soilik falta da, eta azken hilabeteetako lanak fruitua izango du. Sorrera ontzat jo dute eragileek, babesa emango dielako traineru estropadei.

Hibaika, Donostiarra, Mecos eta Orio, ahalegin betean, iaz, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Bazebilen emakume arraunlarien artean eta haien inguruan lanean ari diren beste eragileen artean zerbait aldatzeko premia eta gogoa. Kanpotik begiratuta, emakumezkoen traineru estropadetan dena da ona. Baina barrualdeak arrakalak ditu oraindik ere, eta ez dira txikiak, gainera: estropaden antolaketa, eremuak, sariak eta abar.

Emakume talde bat horren inguruan biltzen hasi zen duela hilabete batzuk, eta bilera bilerari lotuz, Emakumeen Traineru Elkartea osatu dute, formalki sortzeko burokrazia kontuak falta bazaizkie ere. Harrera ona izan du emakumeen arraunean albisteak, eta bat egin dute iritzi horretan Ane Arbillaga San Juaneko arraunlariak, Maika Tameron Hibaikako presidenteordeak, Itziar Olasagasti Orioko arraunlariak, eta Xabier Zabala Hernaniko entrenatzaileak. Bi liga izango dira udan: Euskotren liga, ziurrenik talde eta estropada gehiagorekin, eta beheko liga. Bereizketa horrekin ez dago ados Zabala.

ANE ARBILLAGA

San Juaneko arraunlaria

«Hamabost talde izanda, ezinezkoa da liga bakarra egitea»

«Konplexua da denon gustuko zerbait adostea, ez dagoelako iritzi bateraturik hainbat gaitan, eta txoke antzeko bat sortu izan da bide honetan guztian». Hainbat bileratan egon eta gero, ondorio hori atera du Ane Arbillaga San Juango arraunlariak, baina, behintzat, bide bat adostu dela eta gustura dago: «Azkenean, Traineruen Kluben Elkartearen bidea errespetatuko da orain, eta horrenbestez, bi liga egingo dira uda honetan». Ondo deritzo horrela egiteari: «Aurrerapausoa da horrela egitea, eta badu logika». Talde kopuruari heldu dio baieztapena azaltzeko: «Arazoa izan daiteke talde kopurua, hamabost talde gaudelako eta ez delako egokia liga bateratu bat egiteko, eta bi osatzeko, berriz, gutxitxo delako».

MAIKA TAMERON

Hibaikako presidenteordea

«Elkarteak babesa emango die emakumeen estropadei»

Maika Tameron Hibaikako arraunlari ohi eta egungo presidenteordearen ustez, elkartearen sorrera ona izango da emakumezkoen arraunarentzat: «Babesa emango die emakumezkoen estropadei, eta aukera ere bai guk moldatzeko eta guk geuk eragiteko hainbat arlotan». Horietako batzuk zerrendatu ditu: «Emakumezkoetan zailagoa da taldeek irautea, errazago uzten dugulako arrauna, eta arraunlari gutxiago ere bagaude. Bestalde, azken denboraldietan, Euskotren liga eta Gipuzkoako Liga egin dira traineruetan, eta iaz, esaterako, nabarmen ikusi zen antolaketa ez zela egokia izan zenbait gaitan, batez ere Gipuzkoakoan. Orain, elkartearekin, eragin ahal izango dugu gai hauetan eta beste askotan».

Gizonezkoekin alderatu ditu, esate baterako, sariak: «Oso urruti gaude gai horretan, eta baita estropada eremuetan ere». Oraingoz, aurtengo udarako nahi zutena lortzeko bidean direla esan du: «Euskotren ligan estropada gehiago izatea eta talde gehiago lehiatzea nahi dugu, eta ematen du lortzear gaudela».

Bi liga izatea behekoen kaltetan izango ote den galdetuta, hauxe izan da erantzuna: «Maila ezberdineko taldeak daude emakumezkoetan, gizonezkoetan gertatzen den bezala. Batzuk hasiberriak dira, eta gazte mailako arraunlari askorekin osatzen dituzte taldeak traineruetan lehiatu ahal izateko. Ezberdintasun handiak daude talde batetik bestera, eta oraindik ezin dugu egin liga bakarra». Mailari ez ezik, azpiegiturari ere keinu egin dio liga bakarra ezin dela antolatu azaltzeko: «Hamabost talde izanda, ezin dugu Eusko Label ligarekin batera estropadarik egin traineru kopuru horrekin, eta arazo bera dugu KAE ligan ere».

Uda honetan, behintzat, goiko mailako estropadak TKEkoekin batera egingo dituzte ziurrenik, eta beheko mailakoenak KAE ligetako estropadekin batera: «Elkarlanean ari gara gizonezkoen taldeen bi elkarte horiekin, eta, oraingoz behintzat, ez dugu beste aukerarik ikusten. Izan ere, estropada bat antolatzeko sekulako jende pila behar da, eta klubetan ez gaude nahikoa jende». Aurrera begira jarri da: «Seinale ona litzateke gu geu gai izatea estropadak antolatzeko, baina epe luzeko kontua dela ikusten dut».

ITZIAR OLASAGASTI

Orioko arraunlaria

«Elkartea sortu izanak taldeei aukera emango digu egonkortzeko»

Badu eskarmentua Itziar Olasagasti Orioko arraunlariak, eta badaki zer den behe-behetik hasi beharra onenen parera heltzeko, eta, horregatik, ondo iruditzen zaio bi liga osatzea: «Hasiberrientzat egokiagoa iruditzen zait beheko ligan hastea. Goikoentzat ere aukera ona da beraien parekoekin lehiatzea, maila hobetzeko bidea eskainiko dielako talde horiei». Hasiberriei begira, bere taldearen bilakaera azaldu du: «Orion azpi-azpitik hasi ginen, eta kosta egin zaigu gora iristea. Uste dut gurea bezalako bilakaera talde guztiek bizi beharko luketela, ona delako».

Bi ligen balizko arriskuetako bat izan daiteke urte batzuetan gora igo ezinik dabilen talderen bateko arraunlariak talde handi batera joatea. Horren harira, Olasagastiren iritzia hauxe da: «Gizonezkoetan ere gertatzen da hori, eta, azkenean, halakoak ez gertatzeko jatorrizko klubek ardura hartu beharko lukete ahalik eta talde onena egiteko, eta baliabide onenak eskaintzeko. Ez dakit, baina nik aukera gisa ere ikusten dut jatorrizko taldeak indartzeko hainbat esparrutan».

Elkartearen sorrera ontzat jo du: «Uste dut beharrezkoa dela, taldeak egonkortzeko. Aukera emango digu prestakuntza hasten garenean jakiteko zein ligetan ariko garen udan, eta onerako izango da prestakuntzako lana zehazteko. Aurten ere, ematen duenez, Euskotren ligan aritzeko sailkatze estropada jokatuko dugu, eta ez du aukerarik eman aurrez prestakuntza zehazteko, baina datorren urtetik aurrera izango dugu, eta ona da».

Bi liga berrien harira TKE eta KAE elkarteekin batera aritzea ere ontzat jo du: «Lagungarri izango da antolakuntza lanetan elkarlanean aritzeko».

XABIER ZABALA

Hernaniko entrenatzailea

«Bi liga egiteaktalde batzuk bakarrik sustatuko ditu»

Elkartea sortu izanarekin ados dago Xabi Zabala, Hernaniko entrenatzailea, eta arrazoi hau aipatu du baieztapen hori emateko: «Garrantzitsuena da traineru guztiak bateratuta egongo direla, eta balio handia dauka horrek». Ez dator bat, hala ere, bi liga sortzeko aukerarekin: «Uste dut batzuek hobetzeko aukera handiagoa izango dutela besteen aldean. Nahiago nuen KAE ligak egindako proposamena, liga bakarra egitearena, baina beste interes batzuk tarteko, bigarren maila sortu da. Gauza on bakarra ikusten diot horri: Euskotren ligan talde gehiago ariko direla orain». Iruditzen zaio aukera berdintasunaren alde egin beharko litzatekeela liga bat edo bi erabakitzeko orduan: «Uste dut garaia dela denok aukera bera edukitzeko, eta iruditzen zait tenorea dela denon aukera bera sustatzeko. Bi liga eginda, hori ez da gertatuko».

Emakumezkoen arraunaren egoera ekarri du gogoetara: «Ez dauka egonkortasun handirik, eta bigarren mailako taldeak, telebistaren eta Euskotren ligako fokuetatik kanpo, desagertzeko arriskuan egongo direla uste dut.Neska gutxi daude ia talde guztietan, eta dauden guztiei ez bazaie pizgarri bat ematen, nekez jarraituko dute, eta pizgarri bat izango zen denak liga berean aritzea, adibidez». Formatu horrekin, talde batzuen alde egin delakoan dago: «Hau ez da emakumeen arrauna sustatzea, talde batzuen arrauna sustatzea baizik».

Handia da orain taldeen arteko aldea, eta, Zabalaren iritziz, gehiago zabalduko da tarte hori: «Handitzeko arriskua egongo da, onak gero eta hobeak izango dira, eta besteek nahiko lan izango dute irauten. Azkenean, beheko ligan ari den arraunlari on batek goiko talde batera joan nahi izango du, han egongo direlako begi guztiak jarrita, eta ez du nahiko bigarren mailan aritu, oso talde gutxirekin lehian. Eta horrek zabaldu egingo du taldeen arteko desberdintasuna». Ados egon ez arren, onartu egin du formatu berria: «Gehiengoak hala badio, aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.