Ez dakit txoko honetan den-dena kontatzeko lekurik izango dudan, baina saiatuko naiz. Lehenik eta behin, Tony Martinek erakustaldia eman du hasieran, bakar-bakarrik joan baita ihesean. Beste sei txirrindulari iritsi gara atzetik, eta hor argi geratu da Lampre eta Rabobanken arteko kontrol lana. Eurek ihesaldian txirrindulariren bat sartuz gero, guk lan egin beharko genuen atzean, eta guk sartuz gero, eurek. Azkenean biok sartu gara. Baina aurrera iritsi, lanean hasi, eta Tony Martinek ez dit ba esan sailkapen nagusian gertuegi nengoela eta atzean geratzeko!
Berehala esan diot Lamprekoa gertuago zegoela. Aurrean, gainera, lanean ari nintzen. Taldeburua atzean eduki, aurrean lan egin eta kexak entzun behar, gainera! Garbi esan diot atzean geratuz gero tropelean lanean hasiko ginela, eta ni aurrean joanda ihes eginda iristeko aukera gehiago zeukala. Baina ez zuen ulertzen. Edo ez zuen ulertu nahi. Ni 2000. urteko eskuliburuarekin nabilela uste dut, eta beste batzuk 2010ekoarekin dabiltza. Berritu egin beharko dut, gero eta gutxiago ulertzen dudalako egungo txirrindularitza. Liskarrean hasi gara denok, eta azkenean hiru lagun joan dira aurrera. Ni lasai geratu naiz, guretzat ona zelako aurretik hiru lagun bakarrik joatea. Argi neukan, gainera, atzean geratu behar banuen, Tony Martinek ere hala egin beharko zuela.
Eta, tira, Tony Martini esan diodan moduan, atzean geratu eta behin ihesaldia bertan behera utzita, esprintean iristea zen gure helburua. Horregatik, autokritika egin beharra daukat. Egun osoan oso ondo aritu gara lanean, baina ez da posible esprint batean bigarren eta hirugarren geratzea. Luis Leon [Sanchez] ondo aritu da lanean. Paul [Martens], berriz, hirugarren izan da helmugan, ondo dagoen seinale. Oscarren [Freire] alde sakrifikatu beharra zeukan, beraz. Geure artean hitz egingo dugu zer gertatu den argitzeko, baina ez dut ezer ulertu.
Euskal Herriko Itzulia. Hirugarren etaparen kronika. Guadalupetik
2000ko eskuliburuarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu