mikel reina

Aldaketak

2025eko apirilaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aldaketak beharrezkoak izaten dira. Onerako edo txarrerako izaten dira, gutxitan ez dute ezer eragiten. Aldaketei aurre egiteko ahalegina da kontua, badaudelako immobilismoa nahiago dutenak. Munduan etengabeko aldaketak bizitzen ari gara, saskibaloian ere zuzeneko eragina izaten ari direnak. Aldaketen aroa orain hasiko da: kanporaketak. Orain hasiko dira entrenatzaileak zenbait aldaketa egiten: arlo batzuetan gehiago, eta beste batzuetan, berriz, gutxiago. Gehiago, aurkarien aldean, defentsako edo erasoko xehetasunak hobetzeko. Gutxiago, norberari begira, jokalarien txandakatzea asko mugatzen delako orain.

Seinaleak

Emakumezkoetan zortzi taldeko formatua jarri zutenetik, lehen aldiz ez da euskal ordezkaririk egongo kanporaketetan. Araskik eta IDK-k azken jardunaldian lortu zuten beste urte batez lehen mailan aritzeko eskubidea. Sufrikario gehiegi, zerbait aldatu beharraren seinale.

Gipuzkoarrek, adibidez, ez dute ikasi duela bi urteko irakasgaitik. Aurten ere Eurokopa tarteko, gorriak eta bi igaro dituzte ligan. Maria Eraunzetamurgilen urteko bigarren hirukoari esker lortu dute mailari eustea. Bestelako zerbait bilatu nahi izan dute aurtengo jokalariekin, eta esperimentua ez zaie guztiz ondo atera. Talde donostiarra orain arte nabarmendu izan da defentsarengatik eta barneko jokalari erreferentzial batengatik, baina aurten ez dute horrelakorik lortu. Bi txapelketak kudeatu ezinik ibili dira, eta aurten ez da esperientzia faltagatik izan.

Gasteizen ohituago daude azkenaldian behealde horretan egotera, baina ez azken jardunaldira arte. Era berean, Made Urieta ohituta dago lantalde txikiak erabiltzen, baina ez hain txikiak. Egiari zor, emakumezkoetan onenek bakarrik dituzte hamabi jokalariko taldeak. Gainontzekoek harrobiko jokalariekin osatzen dituzte entrenamenduak. Baina bederatzi gutxi dira, batez ere jokalarien artean denbora ez badago guztiz banatuta. Gainera, lesio larriren bat izanez gero, taldea hankamotz geratzen da; esate baterako, Laura Aliagarena. Alde horretatik, Iva Slonjsakekin bete-betean asmatu zuten. Aldaketa onerako eta guzti izan zen.

Lehen aldiz

Gernikak ere ez ditu kanporaketak jokatuko bigarren urtez jarraian; badirudi Europako aukera ostera ere urrunduko zaiela. Hain zuzen ere, bigarren urtez jarraian ez dute aldaketekin asmatu. Estatubatuarrekin asmatzea bereziki garrantzitsua da, eta bi urte daramatzate denboraldiaren erdian aldatu beharrarekin. Gainera, iaz gertatu bezala, bigarren itzulia luze egin zaie gernikarrei, batez ere Kopatik aurrera. Aurkariek neurria hartu diete, jakinik urrutiko jaurtiketetan apal dabiltzala. Horrez gain, Malostetik beste urte batzuetan baino partida gehiagok egin diete ihes: zortzik, irabazitakoak baino bat gehiagok.

Horrenbestez, Ardoi nafarrekin batera, Celta jaitsiko da. Kanporaketetan, Euroligarako beste bi tokiak daude jokoan. Gironak lortu du lehendabizikoa, fase erregularreko txapeldun izanda. Hurrengoak bihar hasiko diren kanporaketetan erabakiko dira: Girona-Ferrol, Valentzia-Joventut, Avenida-Estudiantes eta Zaragoza-Jairis.

Aldakorrak

Gaur, berriz, Euroligako kanporaketak hasiko dira. Horretan ere ez da euskal ordezkaririk egongo. Olympiakos-Madril, Fenerbahce-Paris, Panathinaikos-Efes eta Monako-Bartzelona ariko dira. Azkenean, liga erregularreko zazpigarrenak eta zortzigarrenak egin dute aurrera, ezustekorik ez. Opari pozoituak Olympiakosentzat eta Fenerbahcerentzat.

Frantziarrek denboraldi osoan erakutsi dute gaitasun handia dutela etxetik kanpo ere irabazteko. Txus Mateorenak beste urte batzuetan bezain fin ez badaude ere, arriskutsuak dira beti kanporaketetan, kalitatea ez dutelako inoiz falta. Vassilis Spanoulisek, orain entrenatzaile lanetan, lehen aldiz sartu nahiko du Lauko Finalean. Bartzelonak espero baino hobeto egin dio aurre aurtengo bere hamaikagarren lesioari. Chimezie Metuk min hartu zuenetik partida bakarra galdu dute. Punterren eta Veselyren itzulerek asko lagundu dute. Panathinaikos Mathias Lessorten falta nabaritzen ari da.

Denboraldiak askorako ematen du, aldakorrak dira eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.